Menu Close

Galdakaoko Gurasolaunak harizko kometatxoak egiten

Ostiralean ikasturteko laugarren eskulana egin zuten Galdakaoko Gurasolagun taldeko kideek. Gure hitzorduetara joan ohi diren zazpi familiari Patxi, Kimetz eta Ekhi batu zitzaizkien. Poz-pozik gaude, beti delako albiste ona jende berria gurera hurbiltzea.

Apirileko tailerraren ardura Danel eta bere ama Anarena izan da, eta ezin hobeto moldatu dira azalpenak ematen. Hariz egindako kometatxoak egiten eman genuen arratsaldea. Pegamentoarekin lotu aurretik, kometaren euskarria ziren makiltxo biei koska txiki bat egin behar izan genien labanaz, gero ez mugitzeko. Hezurdura gogor mantendu zenean, hariarekin dantzan hasi ziren atzamarrak, gora eta behera, Danelen aginduetara.

Eskulana oso polita izan zen, baina are politago egin zuten Anak honen inguruan emandako azalpenek. Izan ere, objektu honek Mexikoko indigenen kulturan dauka jatorria. Bertako emakumeak haurdun geratzen zirenean, etxean jartzen zuten Jainkoaren Begia edo Huichol izeneko figura hauek umea babesteko.

 

Gure artean, nik dakidala, ez zen emakume umedunik egon, baina ederto pasatu genuen hari artean.

Eskerrik asko parte hartutako guztioi eta, bereziki, sari sorta ederra eramandako Markel eta Anari.