Menu Close

Sagardotegi irteera Basauri, Galdakao eta Usansoloko berbalagunekin

Sagardotegi irteera izan dugu larunbat honetan, eta, urtero bezala, orduak hegan joan zitzaizkien hara joatera animatu ziren 43 kideei. Urtero saiatzen gara ekintza kultural berri bat antolatzen txotx egiten hasi aurretik, baina aurten duela urte batzuk oso ondo hartu gintuen Astigarragako Sagardoetxea ikustera joan gara berriro.

Museoan bitan banatu gintuzten, azalpenak talde txikietan emateak hurbiltasuna ematen duelako. Bertan, tolare, kizkia, patxola edota patxa bezalako hitz teknikoak ikasteaz gain, sagardoaren historiaren berri eman ziguten. Emandako azalpenak, gainera, sagardoa ekoizteko praktikarekin uztartu zituzten, eta horrek are interesgarriago egin zuen egonaldia. Amaitzeko, hiru sagardo mota dastatzeko aukera eman ziguten eta baita sagardotegia erridikulurik ez egiteko zenbait aholku praktiko.

Sagardotegia ere aspaldi ezaguna izan zen; izan ere, hirugarrenez joan gara Andoaingo Gaztañagara. Astigarragako poteoarekin berotu genituen motorrak eta Andoainen jarraitu genuen kupel artean egarria asetzen. Konturatu orduko Hernanira joateko ordua heldu zitzaigun, baina denak pozik, han euskara praktikatzen jarraitzeko jendetza genuelako zain.

Tabernetan sakabanatu aurretik, elkar ezagutzeko jokoak egin genituen frontoian. Museoan entzundakoari adi egon ziren konprobatu nahi genuen, eta, egia esan, ezin hobeto erantzun zituzten ia galdera guztiak. Ondoren, kantuan aritu ziren, dinamizatzaileek emandako abestiaren hasierari jarraipena emanez. Eta, azkenik, emandako hainbat kontzeptu hiru eremutan sailkatu behar izan zituzten taldeka.

Denek egin zuten lan ona, baina irabazle bakarrari eman zitzaion sari sorta. Barre egin eta ondo pasatu, ordea, guztiek egin zuten gogotik; beraz, 22:00etan poz-pozik hartu genuen etxerako autobusa. Tira, etxerako batzuek eta herrian parrandan jarraitzekoa beste beste hainbatek.

Datorren urtean gehiago eta hobeto!