Menu Close

GORPUTZA ALKALINIZATZEKO TAILERRA NAI LUA TETEGIAN

Urtarrilaren 16an, asteartean, 18:30ean geneukan hitzordua gorputza biziberritzeko, izan ere, hori zen tailer honen helburua: Gabon ostean gorputza biziberritzea, gehiegizko azidoa kanporatzen ikasteko trikimailuak jasotzea, produktu eta jaki berriak ezagutzea, eta oro har, osasuntsu jateko beste modu batzuk ikustea. Bada, ederki gozatu zuten ekintzara animatu ziren 10 lagunek, eta teoriaz gain, Maya tailerraren emaileak kozinatutako erremedioak dastatzeko aukera ere eduki zuten.

Gaineko azalpen bat ematearren: gorputzeko atal batzuetan ondoeza sentitzen dugunean, baita mina ere, eta jo ez bagaituzte, ziurrenik gorputzean azido gehiegi dugu. Azidotze nabarmen hori muturreko dieta batek eragin dezake, adibidez, haragi frijitu gehiegi jateak, behar baino gozo gehiago kontsumitzeak, baita elikagaien intoxikazioak, alkohol intoxikazioak edo estresak berak ere. Hortaz, azidoa neutralizatzeko geure burua alkalinizatu behar dugu. Eta ikastaro honetan gorputza alkalinizatzeko erremedioak ikasi eta egin genituen, baina batez ere jaki bat erabiliz: Kuzua. Kuzua “Pueraria Lobata” izeneko landaretik ateratako almidoia da, eta Japonian du bere jatorria.

(Kuzua)

Oro har, nekeari aurre egiteko erabili izan ohi da, baita hurrengo egoerei aurre egiteko ere: hesteetako arazoak, eztula, katarroak, hotza, sukarra, biriketako eta arnasteko arazoak… Asko luzatu ninteke zerrendarekin, baina nabarmendutako horiek dira esanguratsuenak. Aipatutako Kuzuarekin errezeta asko egin daitezke, baina guri Mayak batzuk azaldu zizkigun, eta gainetik aipatuko ditut: Kuzu tea, Umeboshi Kuzua, Ame-Kuzua, Lotus Kuzu tea eta Bainila krema.

(hortxe lehen aipatutako produktu batzuk: sagar zukua, agar-agar, umeboshia eta kuzua, bainila krema gailetarekin eta Lutus sustraia, hurrenez hurren)

Guk teoria irakurri genuen bitartean, Mayak azalpen eta zehaztapenak eman zizkigun, eta hori guztia kozinatzen zuen artean: artista hutsa! Ondoren, izan genitzakeen zalantzak argitu zituen, eta azkenerako prestatu zituen “edabe magikoak” dastatu genituen, baita bukaerako postrea ere: bizpahiru “salda” mota eta bainila krema gailetarekin (natillen oso antzekoa). Den-denak izugarri gozo eta osasuntsuak.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Mayari, nola ez, hain ekintza erakargarri, interesgarri eta osasuntsua eskaintzeagatik. Horrez gain, Nai Lua tetegiko Sorayari ere mila esker, bere tabernako txoko xarmangarria lagatzeagatik. Eta bukatzeko, ekintzara animatu ziren guztioi!

PRAKTIKATU EUSKARA GUREKIN, ERRAZA DA!