Menu Close

Martxan da Galdakaoko Gurasolagun taldea

AEK euskaltegian egin diren obrak direla eta, ohi baino hilabete geroago jarri dugu martxan Gurasolagun taldea, baina apur bat itxarotea merezi izan du. Izan ere, atzo bildutako zortzi familiek primeran pasatu zuten ikasturteko lehen eskulanarekin.

Saioak beste nobedade bat izan zuen: orain arte dinamizatzailea aritu da azalpenak ematen, baina kurtso honetan ondoan egon arren, familiei pasatuko die lekukoa. Lehen topaketa hau Ealo-Soto familiak gidatu du, eta hurrengoa badakigu nortzuk arituko diren gidari lanetan.

Tailerrari ekin aurretik, Olentzerok ekarritako mahai-jokoa ekarri zuten Loiolak eta Nikolek, eta ederto batean pasatu genuen txartelek eskatutako kontzeptuak marrazten, antzezten eta deskribatzen. Ondoren, Gabonetako estresari aurre egiteko bolak sortu zituzten gure lagunek irinez betetako puxikekin. Nork bere estiloa eman zion bolari, baina guztiak dotore-dotoreak.

Lanak amaituta, euskaltegia ezin politago utzi dutela ospatzeko merendola txikia egin genuen. Egia esan, bertan egin den lehen ekitaldia izan da; beraz, esan genezake geuk izan dugula inauguratzeko ohorea. Izan dadila Barandiaran zaharberrituan egiten dugun zerrenda luze bateko lehen Gurasolagun topaketa.

Eta Loiola, Nikole, Ruben eta bertaratu izan izan zen Iruneri oparitxo bat eta eskerrik asko eman nahi dizkiegu saioa hain ondo azaldu izanagatik. Otsailean ikusiko dugu elkar!