Menu Close

ASTXIKI MENDIA ATXARTETIK

Urtarrilaren 13an, zapatuan, egin genuen 2024 urteko lehen mendi irteera. Hasiera batean Alluitz mendia igotzeko asmoa geneukan, baina tontorra elurtuta zegoenez, ondoko mendia, bere “ahizpa txikia” igotzea erabaki genuen, Astxiki, hain zuzen ere.

Hitzordua 08:00etan geneukan Basauriko udaletxe parean, eta bi kotxetan joan ginen Atxarte harrobira irteerara animatu ginen 7 lagunok, bertatik hasi baikenuen ibilbidea. Hala ere,  Atxartera iritsi aurretik Abadiñon kafetxoa hartu genuen, goiza hotza baitzen eta eguzkiari astia eman nahi baikenion pixka bat berotu zezan. Behin gorputza barrutik berotuta, autoa Atxarteko harrobian utzi eta ibilbideari ekin genion.

Ibilbidea luzea ez zen arren, nahiko malkartsua zen, eta lehenengo zati lasaia izan ezik (pagadi eta harizti ederra zeharkatzen duen tartea), beste guztiak esfortzua eskatzen zuen, aldapa piku asko baitago. Basotik atera eta berehala belardi aldapatsu bat igo behar da, eta 40 minutuko igoeraren ondoren, Astxiki eta Alluitz mendiak banatzen dituen lepora iritsi ginen, erritmo lasaian, hitz egiten genuen bitartean, eguraldia lagun… lepotik gora, ordea, hasten da benetako mendia: harri solteak, bidexka estua, aldapa bortitza…baina umoretsu aurre egin genion erronkari!

Azkenik, 15-20 minutuko “isiltasun tartearen” ostean (arnasestuka ibili baikinen, kar, kar, kar), tontorrera iritsi ginen; hobeto esanda, Astxikik dauzkan bi gailurrak zapaldu genituen. Bertan, noski, lehenbizi, mokadua jan genuen ( fruta, ogitartekoak, txokolate apur bat…), eta gero argazki-festari ekin genion, sekulako ikuspegiak baitaude mendi honen tontorretik: iparraldera Durango eta Oiz mendia,  ekialdera Alluitz, mendebaldera Untzillatz eta hegoaldera Urkiola, Lekanda, Gorbeia elurtuta…

(aurtengo Korrika banderola eta guzti: HARRO HERRI!)

Gainera, tontor “ofizialak” halako iparrorratz modukoa dauka, 360 gradukoa, inguruko mendiak seinalatzen dituena, eta orain ikusiko dituzue iparrorratza aitzakiatzat ateratako argazki ederrak

Bukatzeko, itzulerako bidea leku beretik egin genuen, eta jakina, menditik jaistean daukagun ohitura ez genuen alboratu: Abadiñora joan ginen, eta pintxo eta pote bana hartu genuen Basaurira bueltatu aurretik! Egun ederra giro apartarekin egindakoa! Hurrengo hilabetean gurekin etorri nahi? Adi sare sozialei eta gure blogari, bertan iragarriko baitugu hurrengo irteera nora eta noiz izango den!

 

PRAKTIKATU EUSKARA GUREKIN, ERRAZA DA!

HARRO HERRI!