Menu Close

AURKEZPEN JAIA ZUTARRI TABERNAN

Pasa den azaroaren 17an ospatu genuen Basauriko Berbalagunen Aurkezpen Jaia, eta urtero bezala, ederki pasa zuten bertaratutakoek. Horrez gain, jaiaren beste helburuetako bat ere ederki bete genuen: Berbalagun proiektua lau haizetara zabaltzea eta ezagutzen ez duenari bertatik bertara ikusteko beta ematea. Ziur gaude emaitza ona izan zela!

Hitzordua arrastiko 18:30etan genuen Zutarri tabernan, eta jolasean hasi baino lehen urdaila betetzeko aukera izan zuten hurbildutakoek, tabernan bertan prestatu zizkiguten pintxoekin: tortillak,kroketak, sandwichak…

 

Ondoren, taldeak sortzeko jolasari ekin genion: argazki batzuk banatu genituen, eta galdezka, multzokatu behar izan ziren: koadroak, emakumezko tenislariak, monumentuak…izan ziren multzoetako batzuk. Orotara, 9 talde izan ziren, talde bakoitzean lau partaide zegoelarik. Elkartu eta gero, galdetegi bati jarraituz, elkar ezagutzeko aukera eman genien bost-hamar minutuz: euren zaletasunak zeintzuk diren, Berbalagunen zenbat denbora daramaten, zein harreman duten euskararekin, eta abar.

Jarraitzeko, “txosten” bana eman genien taldeei, eta bertan hainbat jolas izan zituzten: hasteko, Basauriko lekuak identifikatu behar ziren hizkiak desordenatuta zituzten galdera batzuei erantzunez; segidan, animali batzuen euskarazko onomatopeiak asmatu behar izan zituzten ( behiak marru-marru, astoak arran-arran…); horrez gain, dinamizatzaileak irudimen handiz sortutako zortzi hieroglifikoren erantzuna topatu behar izan zuten, eta bukatzeko, mimikaz aritu ziren lau hitz gako topatu nahian. Nola ez, jaiaren amaiera musikaz lagunduta egin genuen…

   

( Basauriko lekuen jolasa)                                                                                   (Onomatopeien jolasa)                                           (mimika jolasa)

Amaieran, beti bezala, talde garaileak ondo irabazitako saria jaso zuen: Bizkaiaren inguruko galdera-erantzunezko mahai-joko bana eta “Praktikatu eta Bizi” agenda bana”.

(hementxe gure talde txapelduna: zorionak Suani, Silvia eta Maider!)

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Zutarri tabernari, hain pintxo gozoak egin eta guri lekua gordetzeagatik! Eta Geuriako Maiderri ere bai, beti bezala argazki eta kronika ederra egin baitzuen! Denon artean, apurka-apurka Basauri euskalduntzea lortuko dugu! Biba zuek!!

PRAKTIKATU ETA BIZI!