Menu Close

MALMASINERA ETA FINAGA AUZORA MENDI IRTEERA

Pasa den azaroaren 12an egin genuen ikasturteko lehen irteera, eta Basauritarrentzat hain maitatua den mendi apal bezain ederra igotzea erabaki genuen: Malmasin mendia.

Hitzordua goizeko 9:00etan geneukan udaletxe parean, eta eguraldia lagun, Basozelai auzorantz igotzen hasi ginen elkartutako 15 lagunok. Malmasin igotzeko bide asko egon arren, guk Gaztelu eskolaren atzetik doan bidea aukeratu genuen, azkar batean baso artean sartu eta orbelaz gozatzeko asmoz. 10 minutuko igoeraren ostean, mendiaren magalean geunden, eta hortik Malmasin zatirik pikuena falta zitzaigun. Eguzkiaren berotasunari esker, pendiza nahiko lehor zegoen, eta ez genuen aparteko zailtasunik eduki. Gora iritsi, fruta-aleren bat jan, derrigorrezko argazkia egin eta gure martxari ekin genion, Brisketa eta Finaga auzoetarantz, hain zuzen ere.

Jaitsiera Malmasin tontorretik bertatik hasten da, eta inongo galbiderik gabe agertu ginen aipatutako auzoetan; Brisketan lehenik, Finagan ondoren. Jaitsiera pagadi bat zeharkatuz egiten da, nahiz eta Bizkaia osoan bezala, tamalez, gero eta eukalipto gehiago egon; zorua erabat sikatzen duten eukalipto madarikatuak! Aipatutako auzoetako baserri txundigarriak behatu ondoren, Finagako baseliza zaharrean egin genuen hamaiketakoa; eta ez da edozein leku, izan ere, erromatarren nekropoli zahar bat zegoen gaur egun baseliza dagoen tokian, eta historialari askok dioen moduan, inguru horietan egonkortu ziren Bilboko lehen biztanleak (duela 2000 urte baino gehiago).

Hamaiketako gozoa bukatu eta gero San Migelerantz jaitsi ginen, handik Basaurira bidegorritik bueltatzeko. Orotara, 2 ordu eta erdiko ibilbide erraza egin genuen, baina aldi beren historiaz beteriko leku paregabeak ikusi genituen, Basauritar askorentzat ezezagunak zirenak alajaina! Goiz ederra garagardo batekin bukatu genuen Basauriko Arizgoiti plazan, hau da, behar den moduan!!

Hurrengo irteera prestatzen ari gara jada, beraz, adi sare sozialei bertan iragarriko baitugu eta!!

PRAKTIKATU ETA BIZI!