Menu Close

Galdakaoko astearte goizeko berbalagunak Morga ezagutzen

Kurtsoa amaitzear dago, eta zerbait egin behar da urritik hona pilatutako botearekin. Talde askok urteetan egin duten bezala, astearte goizeko kideek ere bazkari bat antolatzea pentsatu zuten, eta Xabier bidelaguna Morgan jaioa denez, bertara joatea proposatu zien duela aste batzuk. Goizean osteratxo bat egin eta Katxi Jatetxean bazkaltzea zen hasierako plana, baina alderantziz egin genuen, partaide bik ezin zutelako ordutegi horretan. Bazkaria ederra izan zen: entsalada, lekak, indabak, legatza, oilasko paparra, artxoa eta etxeko hainbat postre aukeran. Ibiltzeko gasolina beharrezkoa da, baina kontuz ibili behar genuen; izan ere, eguraldi txarrik egin ez zuela esan dezakegun arren, 17:00etan ibiltzen hasteko, komenigarria da sabela oso beteta ez izatea. Hala ere, badago janariaren itxura ederrari ezin eutsi eta indabak eta artxoa eskatu zuenik.

 

Ibiltzen hasi aurretik, taldeak kurtso osoan izandako jarrera ona eskertzeko opari bana eraman zien dinamizatzaileak: betaurrekoak, mendirako motxila, ur-botila, bixera…atzoko txangorako material ezin aproposagoa! Andra Mariko baseliza eta herriko plaza atzean utzi eta berehala sartu ginen auzo txikiagoak ikusten. Baserriz josita dago Bizkaiko herri txiki hau, eta berblagunek adi-adi erreparatu zieten Xabierren azalpenei, Galdakaon, zoritzarrez, gero eta gutxiago entzuten direlako nekazariek erabiltzen dituzten hitzak. Morgatarrek duten euskalkia ere asko gustatu zitzaien denei; hori bai, zerbitzariari txitxirioak, dilistak, otarrainxkak edo angurria bezalako hitzik ez erabiltzeko ohartarazi genien, badaezpada ere.

 

Eguzkiak gogor jotzen zuen, eta atseden hartu genuen Meakaurrreko eliza dotorean. Bertako gerizpea bazkaria bera baino gehiago gozatu zuen batek baino gehiagok. Pilak berriro kargatu eta azken txanpari ekin genion. Meaka, Ganbe eta Oñarte auzoak ere bisitatu genituen, eta, bide batez, Xabier jaio zen baserria ezagutu genuen. Zelako herri gune eta bista ederrak dituen herriak! 19:00ak aldera heldu ginen abiapuntura, atzean zortzi kilometroko ibilbidea utzita. Egun zoragarria pasatu genuen, euskara konpainia ezin hobean praktikatzen. Eta amaitzeko, ondo merezitako garagardo hotz bana edan genuen, jakina!!

Eskerrik asko sorterria hain ondo erakusteagatik, Xabier! Datorren urtean, hazten ikusi zintuen Larrabetzuko txoko ezkutuak erakutsi beharko dizkiguzu!