Menu Close

Magia ikastaroa Galdakaoko gurasolagunekin

 

Magia saio polita eskaini genien atzo Gurasolaguneko familiei. Magoa ez zen punta-puntakoa; are gehiago, arlo honetan sekula aritu gabea zen Asier dinamizatzailea, baina Youtuben ikusitako bideo batean oinarritu eta publiko aurrean debutatzera ausartu zen. Horrek esan nahi du edozeinek egin dezakeela umeentzako saiotxo bat.  Eguraldia lagun, AEKren terraza aprobetxatu genuen beste behin ere umeei trukoak egin eta nola egin behar zituzten azaltzeko, baina eskulanak egiteko, gela barrura joan ginen gero. 12 familia egon ziren guztira; hiruk atzo hartu zuten parte lehenengoz,  eta , beti bezala, primeran pasatu zuten txikiek zein nagusiek.

 

Behin trukoen atzean zer zegoen azalduta, artaziak, kartulina, pegamentoa eta bestelako materiala hartu eta lanean hasi ziren txikiak, gurasoen laguntzarekin. Tailerraren beste alde on bat erabilitako materiala izan zen; izan ere, azaldutako zazpi trikimailuak egiteko, edozein etxetan aurki daitekeen papera, zotzak, edalontziak, margoak eta mota horretako materiala erabili genuen. Gainera, denbora gutxian elaboratzeko trukoak ziren; beraz, ume guztiek bat baino gehiago eraman zuten etxera, euren eskuekin eginda.

Familien eta familiako kideen arteko komunikazioa euskaraz sustatzea da Gurasolagunen helburu nagusia, baina baita gurasoen parte hartze aktiboa ere. Azken finean, umeak aita edota ama jendeari zerbait eskaintzen ikusten dutenean, pozik eta harro sentitzen dira, eta azalpen hori euskaraz ematen dutela ikusteak hizkuntzarekiko lotura sendotzen duela uste dugu. Bada, atzo Peio eta Ekain txikien familia gurekin izan genuen estrainekoz, eta bitan pentsatu gabe animatu zen Aritz ezagutzen zuen magia truko bat egitera. Umeak zur eta lur geratu ziren hari begira eta gurasoak ere bai. Bejondeizula, Aritz!

 

Eta bejondeizuela atzo hurbildu zineten guztioi. Hurrengo hitzordua ekainean izango da. Bien bitartean, segi etxean magia eta euskara praktikatzen!