Menu Close

BASAURIKO VII. MINTZODROMOA

Aurreko ostegunean, maiatzaren 12an, Basauriko VII. Mintzodromoa gauzatu genuen bi saio arrakastatsuren bidez.  Azken urteetan bezala bi saio izan genituen: goizez 10:30etatik 12:00ak arte eta arrastian 18:30etatik 20:00ak arte, eta euskaltegietako ikasle, Berbalagun, udaleko langile, herritar euskaltzaleek…parte hartu zuten. Aspaldiko partez, gainera, pandemiaren egoera hobetu denez, pasta eta kafea eskaini ahal izan genien partaideei.

Hasteko, goizeko saioan 70-80 bat lagun elkartu ginen, eta mahaiko lau partaide eta dinamizatzaile bat izan ziren. Beti bezala hiru gai prestatu genituen horien inguruan solasean aritzeko: lehena, “Gidabaimena”;  gaia bukatu ostean kafea hartzera altxatu eta mahaiz aldatu ziren; bigarrena, “Korrika”: apropos jarri genuen aurtengo Korrikari buruz aritzeko eta hurrengoetarako proposamenak jasotzeko; amaitu ondoren azken mahai aldaketa egin, kafea berriz bete eta azken gaiari heldu zioten: “Tabernetako terrazak”.

             

Esan beharrik ez dago gustura baino gusturago aritu zirela hurbildutakoak, eta pandemia aurreko zenbaki eta kopuruetara itzuli ginenez, gu ere poz-pozik aritu ginen.

Arrastian goizean egindako gauza bera egin genuen, oraingoan 60-70 partaiderekin. Emaitza ere berbera izan zen: partaideak pozik, gaiek solaserako eman zuten eta di-da pasa zitzaigun denbora guztioi. Seinale ona zalantzarik gabe! Hortaz, balorazio ona egin genuen antolatzaileok, baita partaideek ere!

Hurrengo urtean indar handiagoz itzuliko gara!! Mila esker parte hartu zuten guztioi! Halako ekimenekin gure herria euskalduntzen segituko dugu, euskara kalera ateraz, hori baita hizkuntzen lekua!!

PRAKTIKATU ETA BIZI!

 

 

 

O.H.: Hementxe duzue GEURIA komunikabideak egindako bideoaren lotura Basauriko Mintzodromoa laburtzen duena: https://www.facebook.com/basauritarrak/videos/716363146143437/?flite=scwspnss