Menu Close

Balmasedako mintzodromoaren kronika

Gaur goizean Enkarterriko Berbalagunek antolatutako Mintzodromoa burutu dugu, Balmasedako frontoian. Topaketa atsegina eta arrakastatsua izan da: 40 pertsona inguru bertaratu dira eta parte hartu dute.
Goiz osoan zehar, Euskal Herrian gaurkotasun handia duten hiru gai eztabaidatu ditugu: hasteko Guggemheim Urdaibain eraikitzeko proiektua aztertu dugu, horren aldeko eta aurkako argudioak mahai-gaineratuz; jarraitzeko eskuko telefonoaren debekuari buruzko eztabaida izan dugu, neurriaren potentzialitateak eta arriskuak aztertuz; azkenik, hiri eremuetan ematen ari diren mugikortasun aldaketei buruz hausnartu dugu (auto elektrikoak, erdigunetan zirkulazioari mugak…), alde positiboz eta zailtasunaz mintzatuz.
Eztabaidaz eta analisiz betetako goiz aberatsa izan da, duda barik. Hala ere, are garrantzitsuagoa, euskaraz hitz egiteko espazio seguru eta askea izan da, baita modu eroso eta dibertigarrian elkarrengandik ikasteko ere.
Amaitzeko, gogoratu: gaurko Mintzodromoa galdu baduzu, hurrengoa maiatzean izango dugu, Zallan. Adi egon eta ez galdu aukera!