Menu Close

Bakio: Jata igoera

Jata Mungia, Maruri-Jatabe eta Bakio udalerriak lotzen dituen mendia da, haren gailurra ozta-ozta ailegatzen da 600 metroko garaierara. Hala ere, Bizkaiko begiratokirik onenetarikoa da, duen kokapen estrategikoari esker.  Hori dela eta, Berbalagunok hilabete honetan haren tontorrera igoko gara eta eguraldiak laguntzen badigu, izugarrizko paisaia ikusiko dugu. Zailtasun maila ertaina da, beraz, familian etortzeko aukera izango duzue.

Hainbat bide daude Jatara igotzeko, baina guk  San Miguel Zumetxaga  aukeratu dugu txangoari aurre egiteko. Paraje honetan elkartuko gara eta haren 258 metrotik Jataren gailurrera joango gara.

Hasieran markatuta dagoen bidezidorretik abiatuko gara. Desnibela ez da izatez izugarria, baina aurrera egin ahala aldapa sendotzen da. Pixkanaka-pixkanaka bide estu batetik ibiltzen hasiko gara eta laster ekingo diogu igotzeari, izan ere, pinudi bat zeharkatuko dugu.

Lurreko harri eta sustraiek, zein baino zein handiago, eskailerarena egiten dute, mendizaleari zertxobait lagunduz sikiera.

Pinuak bakandu ahala ikuspegiak edertuz doaz. Noizean behin gelditu –birikek eskertuko dute– eta atzera begiratzea aski da horretaz jabetzeko. Hala eginda, Sollube azaltzen da pare-parean, bere tontorreko antena-baso eta guzti. Azkeneko zatia zinez latzena da. Dagoeneko zuhaitzik ere ez dago, eta eguzkitik babesteko bisera bat eramatea komeni da. Harri handiz betetako bidetxotik joan, telebistako errepikagailua ezkerretara utzi, eta orduantxe ikus daiteke aurrenekoz gailurra.

Jataren tontorrean izango dugu gure saria, Ikuspegi ederra baita, paisaia berdea eta urdina, dena uztartzen da leku eder honetan.

Jaisteko ordua ere iritsiko zaigu noizbait. Igotzeko egindako bidea errepikatuko dugu, San Miguel Zumetxagara heldu arte.  Han hamaiketakoa egingo dugu eta han ere  Zumetxaga izeneko parajez gozatuko dugu. Hantxe dago San Migel baseliza, XII. mendeko eraikin erromanikoa. Aldamenean, haritzez jositako zelaitxoan, mahai eta aulkiak daude, beraz, hamaiketarako toki aproposa, zinez.

Ibilbidea
San Miguel Zumetxagatik tontorreraino igoko gara.
Iraupena
Ordu beteko ibilbidea izango da.
Gomendagarriak
Ura.
Arropa eta oinetako egokiak.
Hamaiketakoa
Bukatu eta gero, Zumetxagan hamaiketakoa egingo dugu.