Menu Close

“Dendaostekoak”, Irakurzale Klubaren kronika-kritika

Pasa den astean Irakurzale Klubak ikasturteari ekin zion Dendaostekoak jorratuz. Ohiko moduan, euren iritzia partekatu nahi dugu guztiokin, eta hauxe dioskue:

 

Hamarkadetan, Elgoibarreko historiaren lekuko izan da Pitxintxu denda, besteak beste. Kontakizun herrikoia dela iruditu arren, Euskal Herriko errealitatearen parte ere bada. Saltokiko bi jabeekin jarri digu hitzordua Irakurzale Klubekooi Uxue Alberdi idazleak, taberna baten trago bana hartzeko edo, akaso, gehiago izango dira… Izaskunen eta Mari Joseren ahoetatik istorioak bata bestearen atzetik entzun ditugu, eta taberna ixteko garaia helduta, elkar agurtu eta nor bere etxera. Plazera izan da haiekin unea konpartitzea!

Oraingoan, Alberdi estilo narratibotik atera bada ere, hari biografikoak ematen dio jarraikortasuna, nahiko kronologikoa baita. Amaren eta izekoren bidez herrikideen, senideen, tokien, gertaeren berri izan dugu, baina haien amaren kritika, feminismoa, bilakaera soziala… ere tarteka agertu zaizkigu. Eta hori guztia, dendaostetik kontatu digute, zeina saltokiaren benetako bizitza den.

Hurrengo hitzordua abenduaren 15ean izango dute, Pello Lizarralderen Argiantza jorratzeko.