Menu Close

BIZKARSORO FILMEA ETA MAHAINGURUA IBAIGANEN

Ekainaren 12an, asteazkena, Ibaigane Kultur Etxean Bizkarsoro filma ikusteko aukera eduki genuen, eta filmaren ostean  ikusitakoaren gaineko solasaldia garatu genuen bertaratutakoen artean.

Berbalagun, euskara ikasle eta herritarrak kontuan hartuta, 50 bat lagun elkartu ginen kultur etxe honek daukan zinema arteko txiki baina xarmagarrian, eta horrek gertutasuna eman zion ekintzari, ondoren egindako mahaingurua parte hartzailea izatea lortu baikenuen, lotsak eta beldurrak alboratuta. Guztiz aberasgarria izan zen: ikusle batek bere azalean sufritutakoa kontatu zuen 50. hamarkadako Otxandion, beste batek bere aitona-amonaren istorioak ikusi zituen islatuta filmean, eta denok, oro har, Josu Martinez zuzendariak luzatu nahi zuen mezua txalotu eta goraipatu genuen. Guztira, 25-30 minutuko solasaldi sanoa eduki genuen.

Filma biziki interesgarria, latza, polita, hunkigarria… iruditu zitzaigun (horiek dira ikusleek aipatutako adjektiboetako) batzuk, euskaldunok historian zehar pairatu behar izan duguna latza izan baita; beti hizkuntza handien lehian, gure hizkuntza, kultura…zokoratuak, mespretxatuak eta gutxietsiak izan baitira. Bizkarsorok ederki laburbiltzen du hori guztia, eta gainera, aktore ez profesionalen eskutik: txapela kentzeko moduko lana eurena, baita zuzendariarena ere!

Hortaz, euskara maite duen edonori gomendatzeko moduko pelikula da, eta Berbalagun proiektuarekin ederki uztartzen dena!