Menu Close

UDALAITZ UDALA AUZOTIK

Egun ederra igaro genuen pasa den martxoaren 16an, zapatuan, Udalaitz igotzera animatu ginen 6 Berbalagunok! Bai, 6 bakarrik; izan ere, azken orduko 5 baja izan genituen, Deustuko jaiak zirela eta… gaurko gazteek ere txosnak mendiak baino maiteago, kar, kar, kar!

Goizeko 9:00etan lau lagun  elkartu ginen Basauriko udaletxe parean, eta Marta eta Leire galdakoztarrekin Udala auzoko parkingean batu ginen, eurek zuzenean joan baitziren. Bada parkingera iristeko arazoak arazo (GPS-ak mendirantz bidaltzen gintuen…), 10:20an ibiltzeari ekin genion, hasiera batean zelai bat zeharkatuz eta segituan malda pikuari aurre eginez.

Hori bai, esfortzuak bere fruituak eman zizkigun; behin beheko pagaditik atera eta sekulako ikuspegiez gozatzen hasi ginen… Udalaitzen bi tontorrak ikusi genituen lehendabizi…

Atzean Gorbeia (elur apur bat gordetzen zuen oraindik) eta Anboto agertu ziren…

Udalaitzen tontor azpiko koba kuriosora (ura biltzeko sistema duenera) sartu-irtena egin genuen…

 

Eta bukatzeko, goiko parteko zati “polemikora” iritsi ginen, gailurrerako gandor aereora…baina gure berbalagun trebeek ahuntzek bezala zeharkatu zuten!

Azkeneko zati zail hori pasa ostean, mendebaldeko tontorrera, altuenera hain zuzen ere, ailegatu ginen, eta giro ederraz, ikuspegi itzelez, lasaitasunaz eta hamaiketakoaz gozatzeko aukera eduki genuen. pentsa zein gustura geunden, 50 minutu inguru eman baikenituen hitz eta pitz gure inguruko mendiak izendatu bitartean: Gorbeia, Anboto, Aizkorri, Aketegi, Pirinioak txuri-txuri urrunean..

 

Jan beharrekoa jan ostean, mendi puntatik konturatu ginen jaisteko beste bide bat geneukala, eta ondorioz, ibilbide zirkularra egiteko aukera eduki genuen: mendian ibilbide zirkularrak beti dira jostagarriagoak, mendiaren bi magalak ezagutu baikenituen! Ordubeteko jaitsiera eta gero, iturri eta labadero batzuetara iritsi ginen (eta ondo freskatu, a ze beroa egin zuen!) eta hortik autora bost minutuan heldu ginen. Noski, mendi-buelta baten ondoren, are gehiago egiten zuen beroarekin, mendia eta gero euskaldunontzat sakratuena den tokira jo genuen, auto ondoko tabernara, alegia, kar, kar, kar! Zintzurra bustitzeko beharra genuen….

Nola ez, zapatu bikaina igaro genuen, baita hurrengo irteera erabaki ere: apirilean Anboto, bizkaitarron mendi gogoena, mitikoena, maitatuena…, igoko dugu. Gurekin animatuko? Adi sare sozial eta blogari, bertan iragarriko baitugu eguna eta ordua!

PRAKTIKATU EUSKARA GUREKIN, ERRAZA DA!