Menu Close

Hiru-marran eskulana Galdakaoko Gurasolagunen eskutik

 

Ikasturteko bigarren hitzordua izan zuten atzo Galdakaoko Gurasolagunek, eta, beti bezala, ederto batean pasatu zuten bertaratu ziren 30 lagunek. Kalean hotz handia egiten zuen, baina berehala sartu ziren berotan motorrak berotzeko jolasarekin. Saiora ordura arte etorri gabeko hiru familia azaldu ziren, eta lotsa kentzeko, puxikak ipurdiarekin apurtzen jarri genituen umeak talde bitan.

 

Umeen ipurdi finak ez ziren puxikak lehertzeko gauza, eta gurasoen laguntzarekin berehala lortu zuten helburua. Talde-lana sustatu nahi dugu gure proiektuarekin, eta halaxe aritu ziren familiak Josu eta Pauleren azalpenak entzun eta gero. Izan ere, atzoko eskulanaren ardura beste familia batek hartu zuen, eta ezin hobeto eman zizkiguten argibideak.

Kolore askotako eva-goma erabili genuen hiru-marran jokoaren patrikako bertsioa sortzeko. Erregela, arkatza, artaziak, silikona eta grapak baino ez ziren egon mahai gainean denok ezagutzen dugun denbora-pasa klasikoa sortzeko, eta, egia esan, oso lan politak egin zituzten umeek zein gurasoek.

Aurreko saioan bezala, txalo sorta eta oparia jaso zuen ekintza gidatu zuen Salazar-Cebrian familiak. Ekain saskibaloian egon behar izan zenez, Josu eta Paule baino ez ziren egon saioan, baina ideia Goizane amatxurena izan zen; beraz, amaieran ateratako argazkian laurak agertu behar ziren derrigorrean. Emaitza baino, inplikazioa eta umeei ematen zaie eredua da garrantzitsuena, baina lehen saio bietan, behintzat, oso eskulan politak eta dibertigarriak egin dituzte. Seguru hurrengoa ere itzela izango dela