Menu Close

MUGARRA MENDIA MAÑARIATIK

Otsailaren 18an, pasa den domekan, egin genuen 2024ko bigarren mendi irteera: Mugarra mendia Mañariatik hasita. Beti bezala, Basauriko udaletxe parean elkartu ginen, eta bi kotxetan egin genuen Mañariarako bidaia, 9 lagun izan baikinen. Mañarian kafetxoa hartu ostean ekin genion aurretik geneukan bide malkartsuari, izan ere, hasieratik amaiera arte aldapa oso pikua izan zen.

Hala ere, bidea gogorra izan zen, baina gogorra bezain ederra! Mugarrekolandara hurbildu ahala, ikuspegi ederrak zabaldu zitzaizkigun begien aurrean…

Bada, horraino zegoen zailtasun bakarra malda pikua zen, baina behin Mugarra eta Leungane mendien arteko lepora iritsita, mendi honek duen zailtasun handienari ekin genion: tontorreraino dagoen gandor harritsuari, hain zuzen ere. Gandorraren erdian bi partaidek planto egin zuten bertigoa zela eta, eta besteok lasai, patxadaz eta oso adi jarraitu genuen gailurrerako bidea: bakoitzak jakin behar du non geratu 🙂

 

 

Gandorretik 10 minutuko bidea eginda iritsi ginen tontorreko postontzietara, eta noski, ezinbesteko argazkiak egin genituen. Ondoren, talde guztia batu ginen berriro, eta lasai ekin genion itzulerako bideari, igo ginen toki beretik. Orotara 3 ordu eta erdiko ibilbidea egin eta gero iritsi ginen berriro Mañariako plazara, eta nola ez, garagardo eta pintxoa hartu genuen indarrak berritzeko! Ohitura onak ezin dira galdu! Kar, kar, kar!

 

 

Beste behin ere sekulako goiz ederra igaro genuen eguraldiak lagunduta, giro onean eta euskaraz gozatzen! Hurrengo hilabetean Udalaitz mendia igoko dugu, gurekin animatuko?

PRAKTIKATU EUSKARA GUREKIN, ERRAZA DA!