Menu Close

BASKOT GAUA 2023- SAN JOSE IKASTETXEAN

Abenduaren 15ean, barikuz, ospatu genuen 2023ko ikasle eta Berbalagunen jai ospetsua: Baskot Gaua, hain zuzen ere. Eta aurten, pare bat edizioz izandako etenaren ostean (Covid 19aren ondorioetako bat) betiko formatura itzuli eta San Jose ikastetxean burutu genuen ospakizuna. Beti bezala sekulako harrera ona eduki zuen egitasmoak, eta orotara, ikasle eta Berbalagunak kontuan hartuta, 80-90 bat lagun elkartu ginen. Zenbaki ederra eta giro aparta!

Aurtengo gaia ITSASOA zen, eta partaideek irudimen itzela izan zutela aitortu behar: txipiroiak, marmokak, itsasontzia, karramarroa…denetarik ikusteko parada izan genuen. Hasteko, San Jose aurreko plazan elkartu eta bertako tabernan lehen tragoa hartu genuen kaleko presentzia bermatzeko, baita lortu ere: jendeak harrituta begiratzen zigun, zoro koadrila hori nondik atera zen euren buruari galdetuz, kar, kar, kar. Bitartean, ikastetxe barruan dena utzi genuen prest: mahaiak, edaria, jatekoa, musika ekipoa… eta 20:30etarako guztiok barnean geunden.

Jarraitzeko, behin jateko eta edateko tartea eman ondoren, kapelen desfilea hasi zuten partaideek, musikak lagunduta, euren kapela plazan “aurkezteko” modu originala aukeratu zuen talde bakoitzak. Hemen adibide batzuk:

Eta kapelak eta egindako dantza kontuan hartuta, gure epaile beteranoak, Josu Zabalok, bere epaia eman eta talde bat saritu zuen (Berbalagun aterki laranjak jaso zituzten): marmoka ibiltari argidunak!! Zorionak haiei!

Horren ostean, Hego Uribeko AEKko irakasleok, urtero bezala, gure ekarpen berezia egin genuen, eta 23. Korrikako abestia baliatuz koreografia ederra eskaini genien bertaratu zirenei! Hauek bai irakasle fin eta jostalariak!! Ez dago dantza horren dokumenturik, baina egin, egin genuen!

Bukatzeko, eta jaiari amaiera emateko, ginkana bat prestatu genuen hainbat jolasekin, baita “erruleta zoroa” ere, eta sari andana banatu genuen partaideen artean: barreak, algarak, umorea, laguntasuna…. aupa Berbalagun eta aupa AEK!

Besterik gabe, eskerrak eman nahi dizkiogu San Jose ikastetxeko Jabi zuzendariari espazio bikain hori uzteagatik, eta noski, hurbildu ziren Berbalagun eta ikasle guztiei ere bai, eurek gabe ez legokeelako halako jaia egiteko aukerarik! Mundialak zarete! Segi dezagun euskara eta euskaraz gozatzen!!

PRAKTIKATU EUSKARA GUREKIN, ERRAZA DA!