Menu Close

Ur-jolasak: Galdakaoko ikasturteko azken hitzordua

Egun berezia da San Juan bezpera, eta kurtsoari amaiera borobila ematen saiatu gara Galdakaoko Gurasolagunen. Suaren inguruan batu ohi gara ekainaren 23an, baina ostiralean egin zuen beroari aurre egiteko, ur-jolasak prestatu genituen. Hala ere, saioa hasi aurretik, guraso eta umeei azaldu genien zergatik den hain garrantzitsua gurean egun magiko hau. Apunterik ez zuten hartu behar izan, baina denek ulertu zuten primeran uzta garaiak gure baserritarrentzat izan duen garrantzia eta, bide batez, San Juan bezperan gure herrian oraindik bizirik dauden zenbait ohituraren berri eman genien.

Bost minutuko azalpenen ostean, denak desiatzen zeuden akziora pasatu ginen. 6 jolas prestatu zituen dinamizatzaileak, eta ondo orekatutako talde bi egin genituen bertaratu ziren 28 pertsonen artean. Familiak nahastea da gure helburuetako bat, eta halaxe egin genuen hasiera-hasieratik. Lehen proban balde batean utzitako 20 objektu eraman behar izan zituzten behatzekin banaka, hanka-bakarrean, terrazaren beste puntan zegoen katxi batean uzteko. Txikienek gurasoen makulua izan zuten, baina primeran moldatu ziren denak. Hurrengo proban punteria ona duten neurtu genuen; izan ere, probak ur-pistolen presioak soka batek zeharkatzen zuen katxia alderik alde mugitzea zuen helburu.

Hurrengoan belaki bat hartuta balde batean zegoen ura txandaka xurgatu eta garraiatu behar zuten, beste puntan zegoen katxia hiru aldiz bete arte.Laugarren proban puxikak izan ziren protagonista: talde bereko kideak aurrez aurre jarri ziren, eta gero eta distantzia luzeagotik pasatu behar izan zioten elkarri urez betetako globoa.

 

Azken bi probetan ere gurasoek hartu zuten parte, eta tentsio uneak bizi izan ziren, goraino betetako katxi bat pasatu behar izan geniolako elkarri atzeraka eta begiak itxita, pertsonarik altuenetik txikienera. Baten bat ondo bustita joan zen, baina egiten zuen tenperatura kontuan izanda, zigorra baino saria izan zen. Azkenik, umeek globoak jaurtitzeko duten punteria aztertu genuen. Burua kartoiz egindako leihotik atera eta goiko aldean zeuden iltzeei jo behar zieten puxikak eztanda egin eta pertsona hori bustitzeko.

Gastatutako energia berreskuratzeko eta hain emankorra izan den ikasturteari behar bezala agur esateko, merendolaz gozatu zuten txikiek, eta, gainera, San Juan sua ikustera joan ginen elkarrekin. Zer gehiago eskatu ahal zitzaion egunari? Abenduan, beti bezala, 2023-24ko lehen tailerra egingo dugu. Bien bitartean, ondo pasatu oporretan eta segi euskara praktikatzen!