Menu Close

Boga Garagardoaren hitzaldia eta dastaketa

Hitzaldi interesgarria eskaini diogu herriko hainbat euskaltzale eta garagardozaleri Bogako Gorka eta Urtzi kideen eskutik. Saioak kopuru mugatua zuen, eta berehala erreserbatu ziren 25 plazak. Gaurko partaide gehienak Galdakao eta Usansoloko kideak izan dira, baina baita kartela iragarrita ikusi eta izena eman dutenak ere, eta horrek are aberasgarriago egin du  elkarrekin eman dugun ordu eta erdia.

Boga enpresa bertakoa da, eta bertako osagaiak erabiltzen ditu ia %100ean bere produktuak ekoizteko. Kalitatea eta hurbiltasuna transmititzea da euren arrakastaren gakoa; izan ere, ez da batere erraza sektore bereko multinazionalekin lehiatzea. Gu, behintzat, konbentzitu egin gaituzte gaur, probatu ditugun bost garagardoak itzelak izateaz gain, mimo handiz eman dizkigutelako ezaugarrien inguruko azalpenak.

Saioa oinarrizko kontzeptuekin hasi da. Lupulua, garagarra eta kafe aleak eraman dizkigute, eta ekoizpen-prozesua azaldu digute. Garagardo bakoitza dastatu aurretik, kolorea eta usainari erreparatzeko eskatu zaigu, eta mota bakoitzak zer iradokitzen zigun adierazi dugu. Parte hartzea izan da, zalantzarik gabe, hitzalditik denok hain pozik atera izanaren beste arrazoietako bat. Hizlariek galdetu gabe ere, jendeak naturaltasunez egin ditu galderak eta ekarpenak, eta Gorkak eta Urtzik atsegin handiz erantzun dituzte.

Arin joan zaigu denbora, eta, jakina, hori seinale ona da. Hala ere, jendea gogotsu ikusi dutenez, uztailaren 1ean Mungian duten fabrika bertatik bertara ikustera joateko gonbita egin digute. Beraz, badaukagu aitzakia ederra berriz ere topa egiteko, bai horixe!