Menu Close

Hego-Uribeko Berbalagunak sagardotegi irteeran

Egun-pasa itzelaz gozatu genuen atzo Zumaia eta Zarautzen egondako guztiok. 53 lagun elkartu gara Hego-Uribeko berbalagun eta AEK-ko ikasle eta irakasleen artean; pena bost laguneko talde bat lekurik gabe geratu izana sagardotegiak muga jarri zigulako. Urtero bezala, sagardo garaian Gipuzkoa aldera joaten gara, eta aurten ez genuen salbuespenik egingo. Iaz maiatza arte itxaron genuen, eta errazago aurkitu genuen hainbeste jenderentzako lekua. Aurten, ordea, ez dugu lekurik izan Astigarraga inguruko sagardotegi batean sartzeko, eta horrek bultzatu gaitu Zarauzko Arizia Sagardotegiko ateak jotzera. Zorioneko erabakia, zapatu zoragarria bizi izan dugulako kostaldeko herri bi hauetan!

Sagardotegiaz gain, ekintza kulturala burutzen dugu urtero, eta Hego-Uribeko AEKn irakasle geologo bat dagoela aprobetxatu genuen Zumaiako flysch famatuaren nondik norakoak kontatzeko. San Telmo baselizaren atzeko aldean kokatu ginen, eta bertatik entzun genion Josebari, adi-adi, itsaslabar magikoa aurrez aurre genuela. Josebak goitik beherako hitzaldia eskaini zigun, teknikoa bezain dinamikoa eta ulertzeko erraza egin zuelako dena. Jendearen parte hartzea eskatu zuen, eta azalpenek iraun zuten ordu erdia hegan joan zitzaigun. Gainera, meritu bikoitza izan zuen hizlariak, aurki ezkonduko dela-eta mozorrotuta aritu behar izan baitzen jendearen aurrean. Olano, artista!

Normalean museotik irten eta albo batera uzten dugu alderdi kulturala, baina aurten entzundakoaren inguruko galderak egin dizkiogu jendeari poteatzen ari ginen bitartean. Lauko taldeak osatu ditugu Berbalaguneko opari-sorta emateko erantzun gehien asmatutako laukoari. Horrez gain, jolas dibertigarri batzuekin uztartu ditugu galderak, eta hainbeste barrek zumaiarren interesa piztu dute, baten batek gurekin parte hartzeraino!

Eguerdiko poteoan motorrak ondo berotu eta Zarautza eraman gintuen autobusak. Gutako inork ez zuen Arizia sagardotegia ezagutzen, baina nola tratatu gintuzten ikusita, ziur nago inoiz errepikatuko dugula. Izan ere, bistak ez ezik, janaria ere txapela kentzeko modukoa izan zen. Jatetxeak ez zuen beste inorentzako lekurik, baina ez zegoen jendez lepo, eta horrek gure artean eta baita beste kuadrilla batzuekin ere hitz egiteko aukera paregabea eman zigun. Pentsa, Piztu telebista saioko Ameztoi familia osoarekin kontu-kontari aritu ginen gutako asko!

17:00ak aldera sagardotegitik irten eta parranda jarraitzeko ordua heldu zen, baina plan aldaketa egin genuen eguraldia zela eta. Hernani jendez gainezka egongo zen, eta hainbeste jende kalean edo sakabanatuta ez geratzeko, herritik ez mugitzea erabaki genuen, eta bete.betean asmatu genuen. Giro ederra zegoen alde zaharreko tabernetan, eta ziztu bizian joan zitzaigun bueltatu aurretik geratzen zitzaigun denbora. 22:00etan zain genuen gidaria, eta txintxo-txintxo igo ginen denok. Askorentzat, ordea, ordura artekoa nahikoa iruditu ez eta Basauri eta Galdakaon jarraitu zuten. Bejondeiela!

 

Ez dakigu ze plan egingo dugun datorren urtean, baina atzokoa bezain ondo ateratzea espero dugu! Hurrengoan baietz autobus bi bete! Txooooooooooootx!!!!!