Menu Close

Martxan da Galdakaoko Gurasolagun taldea. Gabonetako apaingarriak egin genituen atzo

Abenduan eman ohi diogu hasiera Gurasolagun taldeari Galdakaon, eta aurten ere horrela egin dugu. Atzokoa ez zen izan gabonetarako apaingarriak egiteko eskulana egin genuen lehen aldia, baina, jakina, egitekoa eta elkartutako jendea ezberdina izan zen. Iaz proiektuan aritutako familia gehienek jarraitzeko gogoa azaldu dute, eta beste hainbat batu zitzaizkigun atzo; egitasmoa primeran dabilen seinale argia da hori!

14 familia animatu ziren guztira, eta 36 lagun elkartu ginen orotara, eta ezinezkoa izan zen denak gela berean sartu. Dena dela, proposatutako lanak hiru atal zituen; beraz, AEK euskaltegiko hiru gela erabili genituen egitekoak banatuta. Irune amatxori laguntza eskatu zion dinamizatzaileak, eta goiko irudiko familiekin aritu zen azalpenak ematen: kartulinaz eta berrerabilitako komuneko kartoizko tutu batekin bola txiki disdiratsuz betetako izei ederra egin zuten txikiek.

Bigarren gelan Olentzerori eskainitako diorama egiten aritu ziren: oilarra, zahatoa, zakua, zahatoa, txondorra…Maridomingi baino ez zitzaion falta gure ikazkin maiteari. Baina teknika ikasita, etxean egiteko erronka bota genien, eta ziur batek baino gehiagok atsegin handiz egingo duela etxean. Izan ere, ederto batean moldatu ziren artazi eta pegamentoarekin. Gurasoen laguntza behar izan zuten, noski, kuterra ere erabili behar zelako, baina horixe da Gurasolagun: ume eta gurasoen arteko elkarlana

Kartelean iragarri genuen bezala, elur-oreina ere egin genuen berrerabilitako kortxozko tapoiekin. Batzuek, ordea, adarrak albo batera utzi eta nahiago izan zuten Napo astoa egin. Ze ona den norberak hartzea buruak agindutako bidea! Sormena, birziklapena eta elkarri laguntzea bezalako balioak landu genituen, eta hori guztia euskaraz ondo pasatuta.

Ondo amaitu urtea eta hobeto hasi 2023a! Urtarrileko hurrengo topaketan ikusiko dugu elkar.