Menu Close

Galdakaoko VIII.mintzodromoa

Mintzodromoaren zortzigarren edizioa ospatu genuen atzo Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean. Bertan, AEK, Udal Euskaltegi eta Eguzkibegi Ikastolako ikasleez gain, Euskaraldiko eta Berbalaguneko kide ugari egon ziren. Orreaga Iritzi Taldeko kide bat ere laguntzaile aritu zen aretoan jarritako 17 mahaietan; izan ere, hainbeste jende ondo koordinatzeko, ezinbestekoa da herriko taldeen parte hartzea. 90 lagun batu ginen orotara. Kopuru itzela, kontuan izanda urtero etortzen diren Bengoetxe eta Elexalde institutuek greba egin zutenez, aurten ezin izan direla etorri!

Adin eta profil guztietako partaideak hurbildu zitzaizkigun, eta primeran moldatu ziren den-denak antolatzaileok prestatutako hiru gaiei erantzuten. Kotxe elektrikoen erabilera aztertzen hasi ginen; ondoren, “hazia” izenaren debekuaz eta oso ohikoak ez diren bestelako izenenez hitz egin genuen eta, azkenik, osasun mentala jorratu genuen. Denbora hegan joan zitzaigun, eta konturatu orduko, hurrengo mahairako bidean genituen guztiak.

Neguko hotzari aurre egiteko, urtero bezala, txokolate baso bana banatu genuen, pasa goxoekin lagunduta. Pandemia egoerak ez zigun aurrekoan aukerarik eman, baina argi dago apurka-apurka lehengora bueltatzen ari garela; eskerrak! Gaiak, giroa, musika eta janaria oso ondo baloratu zuen jendeak, eta antolatzaileok poz-pozik, beste behin ere euskarak elkartu gaituelako.

Saioaren bukaeran talde argazkia atera genuen, eta hiru lagunek izena eman zuten hemendik gutxira sortuko den Galdakaoko 15.taldean. Zer gehiago eskatu ahal genion egunari?