Menu Close

Pepetoko gynkana

Ederto batean pasatu genuen atzo, Gurasolagunek antolatutako ikasturteko azken ekintzan. Ostiralean egitea adostu genuen, baina muturreko tenperaturak beste egun batean egitera behartu gintuen. Domekan ez zuen hotzik egin, baina 28 gradurekin basora joatea jasangarria da; beraz, 11:30ean Kurtzeko plazatik irten eta Pepetorantz jo zuten animatu ziren 13 familiek, goian zer aurkituko zuten jakin barik.

12:00ak aldera heldu ziren familia guztiak, eta bertan, Asier dinamizatzailea eta haren semea Manex zituzten zain. Ordubete lehenago heldu ziren, gynkanan egin beharreko probak prestatu eta altxor preziatua gordetzeko. Tira, altxorra Asierrek ostondu zuen semeak ezer ikusi gabe, txikiak ere jolasean parte hartu ahal izateko.

Behin familia guztiak iritsita, azalpenen txanda heldu zen. Talde bi egin genituen, eta sei proba osatu behar izan zituzten umeek, gurasoek lagunduta: ur-pistola batez edalontzi bat harian zehar mugitu; erroreak aurkitu; uretan zeuden 15 elementu txiki behatzekin hartu eta hanka bakarrean eta txandaka ontzi batean sartu; hutsik dagoen zuhaitzean 10 saskiraketa egin; ontzi bateko ura belaki batez eta txandaka beste ontzi batera garraiatu; eta puzzle bana osatu behar izan zituzten.

Proba bakoitza bukatzean, Pepetoko mapa zati bat ematen zitzaien gurasoei, eta probak ondo zeudela ikuskatzeko, AEKide eta amatxo den Ainhoa eta Asier aritu ziren; izan ere, garrantzitsuena irabaztea ez izan arren, lehiakortasun handia nabaritu genuen hasieratik, eta tongorik ez leporatzeko ideia onena izan zen lana horrela banatzea.

Probak alderantzizko ordenan egin zituzten, taldeek elkarri enbarazu ez egiteko, eta maparen zatiak biltzen hasi ziren apurka-apurka, baina horrekin ez zen nahikoa; altxorra non zegoen esango zien X lortzeko ere lan egin behar izan zuten denek: basoan aurkitutako hiru pinaburu aurkitzea eskatu genien. Lanak primeran egin zituzten, eta, gainera, oso parekatuta joan ziren uneoro, baina, azken momentuan, talde batek aurre hartu zion besteari eta altxorra aurkitu zuen.

Kilo bateko gominola-kutxa hartu eta guztien artean jan zuten, borobilean eserita. Talde bakarrak deskubritu zuen kutxa, baina guztiok irabazi genuen,  naturan ere jolas asko egin daitezkeela ikasi genuen eta. Gurasoek ez zuten gominolarik jan, baina horiek baino osasuntsuagoak diren Belategiko madariak bai. Bertan bizi den Karmele Arrieta berbalagunak ekarri zizkigun eta baita ur-jolasetarako baldeak betetzen lagundu ere. Eskerrik asko, Karmele!

Eguna amaitu aurretik, iragarri bezala, opariak banatu genituen. Gurasoei agenda bana eta umeei txapak eta Galdakaon duela zenbait urte euskararen alde lan handia egindako Erduzie Euskara taldearen kamiseta bana. Datorren ikasturtean jarraituko dugu familiak euskalduntzen laguntzeko tailer eta jolasen dinamika honekin. Izena eman nahi baduzue, bidali mezua galdakao_berba@aek.eus helbidera. Besoak zabalik hartuko zaituztegu! 😉