Menu Close

Materiala berrerabiltzen Galdakaoko berbalagunekin

Ezustekoz betetako eguna izan genuen ostiralean Galdakaoko gurasolagunekin. Umeentzako dantza eta joko herrikoien tailerra eskainiko zigun gurasoetako batek, baina ostiralean bertan positibo eman eta bertan behera utzi behar izan genuen iragarritako plana. Hala ere, familiei ez genien ezer esan, eta B plana martxan jarri zuen dinamizatzaileak. Ikasturte osoan gordetako plastikozko tapoiak eta bestelako materiala kaxoitik atera eta lanean jarri genituen familiak.

Saiora orain arte etorri gabeko jendea animatu zen, baina askok ezin izan zuten parte hartu. Beste batzuetan baino jende gutxiago elkartu ginen, baina oso gustura egon ziren umeak eta gurasoak AEK euskaltegiko terrazan. Bi motatako eskulanak egin genituen: tapoi margotuekin egindako hozkailurako imanak eta hainbat materialekin sortutako bitxilore ederrak, eta, bene-benetan, emaitza itzela izan zen.

Umeei eman genien lehen lana agenda zahar batzuetatik ateratako alanbre kiribila margotzea izan zen, baina ez edozein modutan. Esprai berdea hartu eta grafitero onenen pare aritu ziren gure txikiak. Gustua hartu zioten kontuari, baina beste lan batzuk ere bagenituen, noski, eta lorearen “zurtoinak” sikatzen ziren bitartean, tamaina bereko seina tapoi zuri eta beste kolore bateko beste bat eman genien lorearen hostoak eta erdiko polena irudikatzeko. Silikonaz itsatsi behar izan genituen; beraz, amatxoek hartu zuten ardura hori. Eta umeak? tapoiak akuarelaz margotzen jo eta ke!

 

Lan ederra egin zuten azkenerako, eta aurreikusi gabeko loreontzia ere egin zuten sukaldeko paperaren tutu batekin. Eta, jakina, ezin espraia berriz erabiltzeko tentaldiari eutsi. Zoragarria egindako lana, kuadrilla! Hurrengo hitzordua jarrita dago: ekainaren 17an Pepetora txangoa egingo dugu ikasturteari agur esateko. Sorpresa bat baino gehiago egongo da azken egun horretan; beraz, animatu, ederto pasatuko dugu eta!