Ikasturtea bukatzear dela eta, jarduera freskagarri batekin itxi nahi izan dugu. Patxi Egurrolaren gidaritzapean, Elantxobeko arraun elkarteko zuzendaria, Berbalaguneko 11 kide elkartu gara Idigako aparkalekuan hastapeneko arraun saioa egiteko. Hasieran, Patxik kirol honen inguruko zenbait azalpen teoriko zein praktiko eman dizkigu; ondoren, arraunlarien gisara, gure ontzia aparkalekutik uretaraino eraman behar izan dugu (gurdiaren laguntzaz). Ostean, traineruan sartu eta makina bat joan-etorri egin ditugu Oka ibaian gora eta behera.
Lehenengo arraunkadak kostatu zaizkigun arren, amaierarako koordinatzeko gai ere izan gara. Harrigarria da guztion indarra baturik, zenbateko abiadura har dezakeen ontziak! Alderaketa hau euskarara ere transferitu dezakegu; hau da, egunerokoan guztiok euskaraz arraun eginez gero, etorkizunean urrutira iristeko aukera gehiago izango dugu.
Ederra esperientzia!

