Ekainaren 22an, 27 BERBALAGUN elkartu ginen Gernika-Lumoko udaletxe aurrean mendi-ibilaldiari ekiteko. Eguna goibel hasi bazen ere, pixkanaka-pixkanaka argitzera egin zuen eta giro ederrean egin genuen Ariatzarako (Muxika) bidea.
Gernika-Lumoko erdigunetik irten eta Arane zein Amona auzoak bisitatu genituen; ondoren, Muxikako makina bat: Kurtzero, Astelarra, Usparitza… Ariatzako Atxelipe txokora heltzeko. Bertan, Ramon Bilbaoren ardoak dastatzeko aukera izan genuen BERBALAGUNok, besteak beste, Mar de Frades (Gobello 2020), Lucero (Cruz de Alba 2020) eta Ramon Bilbaoren edición limitida. Hori gutxi ez eta etxeko txorixo, patata frijitu eta tortillekin jatordu ederra egin genuen mahai inguruan. Bertso batzuk abesteko tartea ere izan genuen (diptikoan ikusgai).
BERBALAGUNen 2023-2024 ikasturteari agur esateko era paregabea izan zen, aho zapore ederrarekin geratu ginen guztiok. Orain atsedentxoa hartu eta datorren ikasturteari gogotsu ekingo diogu.
Eskerrik asko hurbildu zineten guztioi eta, bereziki, Ana Larrañagari (enologia azalpenak eman zizkigulako) eta Ramon Bilbao upeldegiari.
Bukatzeko, hemen uzten dizuet ibilbidean erabili genuen diptikoa .