Ikasturte bukaera usaintzen dugun arren, oraindik pare bat aste geratzen zaizkigu. Hori dela eta, urteko sasoi hau zukutzeko asmoz, ekainaren 5ean, 18 lagun elkartu ginen Astran, aurtengo hirugarren mintzodromoa egiteko. Parte hartzaileen erdiak aurreko edizioren batean parte hartu bazuen ere, kide berriak ere izan ditugu. Gainera, oraingoan, hainbat tokitatik gerturatu dira, hala nola udal euskaltegitik, AEKtik, Foruko barnetegitik edo Berbalaguneko partaide gisa.
Mintzodromoaren ezaugarrietako bat da aurretik zehaztutako gaiak jorratzen direla. Bada, oraingoan arlo hauen inguruan mintzatu dira neska-mutilak: maskota eta txakurren gorakada hiriguneetan, gaur egungo nahiz etorkizuneko lanbide berriak, zaintza mentala eta fisikoa, eta etorkizunari begira dituzten aurreikuspenak. Hemen ikus dezakezu saioan erabilitako esku-orria: Esku-orri-urdina-lerroan
Antolatzaileok zein parte hartzaileek oso balorazio positiboa egin dugu. Harreman berriak sortzeko aukera izateaz gain, beraien mailako kide berriekin elkartzeko eta bizipenak trukatzeko abagune paregabea ere bada. Horregatik, etorkizunean jende berria animatzea espero dugu, oso aberasgarria baita!

