Menu Close

Mendilagunak Pico la Cruz mendian

Ia-ia hilabete pasa den arren, fresko-fresko daukagu mendilagunok Pico La Cruz mendi irteeran izandako esperientzia bikaina. Eguraldi ederra egin zuen goizean goizetik – badirudi aurreko eguneko hotzek atseden hartu zutela-. Galdameseko San Pedro plazan elkartu ginen, eta mendilagun berriek euren burua aurkeztu ostean, bideari ekin genion gure betiko gidariaren atzetik. Hasiera aldapatsua izan zen, eta betikook atzean gelditzen hasi ginen -nola ez! Baina ez larritu, gurean beti daude itxaroteko prest. Erritmoa mantsotu eta mingaina astindu: “hona euskaraz hitz egitera gatoz! Errekorrak bihar!” Kar-kar-kar. Martxa jarraitu eta bidearen albo batean, eskuman, amildegi zuri-zuria besterik ez. Paisaia benetan ikusgarria. Maldan gora gero, basoetatik, zelai berdetara heldu arte. Orduan, hasi zen arroken arteko ibilbide malkartsua. Ahuntzen antzera, baina azkenean gailurrera iritsi ginen. Ohiko talde argazkia egin ondoren, arrokak jaitsi -haize zakarra baitzebilen tontorrean- eta hamaiketakoa hartu genuen lasai-lasai. Huraxe mingaina astintzeko beste aukera: hurrengo txangoa adostu, ibilbidea komentatu, eskualdean egingo diren ekintzak elkarri iragarri,… lagunen artekoak, finean. Indarberritu eta gero, itzulerari ekin genion. Oraingoan, igotzeko erabilitako bide bera atzera eginez: berriz basoak, eta amildegia -dagoeneko lainorik ez, eta beheko basoa ikus zitekeen-, maldan behera, eta hitz egiten jarraitu. Behin Galdameseko plazara helduta, elkarrekin tragoxka bat: zein ondo egin dugun ospatzeko!

Horixe izan zen dena. Hurrengo irteera larunbat honetan izango da, otsailak 26; eta zu gonbidatuta zaude. Apuko mendira igoko gara La Quadratik. Baina lasai guk ez dugu bertikala egingo, ezta lasterketarik ere! Gurea euskaraz eta naturaz gozatzeko aukera da, gure erritmora. Errekorrak beste batean. Kar-kar-kar.

Hurrengora arte, lagunak!