Menu Close

Ana Malagonekin elkartu gineneko kronika

2021eko abenduaren 14an, Irakurzale Kluba elkartu zen Barakaldoko Clara Campoamor kultura-etxean, Ana Malagónen “Ez dakit zertaz ari zaren” liburuaz jarduteko. Donostiatik Barakaldora etortzeko klubarekiko begirunea izan zuen Ana Malagónek, emakume idazle gertua eta tolesik gabekoa.

Hainbat pertsonaiaz eta istorio errrealistaz blaitutako 15 kontakizunek bakardadea eta isolamendua dituzte amankomunean, eta, testuinguruari dagokionez, familia eta lana dira, Malagónen esanetan, nola edo hala, “gatazka iturriak” hamabost istorio hauetan zehar.

Ana Malagón oso eroso sentitzen da ipuinak idazteko formato honetan. Halaber, bere “datu-basetik” interesatzen zaizkion gaiak aukeratuz edota gertuko jendearen bizipenez baliatuz, errealitate distopiko bat irudikatzen du. Era berean, pertsonaia dohakabe eta miserableen jokabideak ulertzen ere saiatu da istoriotan, arrazoi horregatik zenbait irakurle eta lagunek idazterakoan “gaiztoa” dela esan dioten arren.

Irakurzale Klubeko kideen lehenengo galdera azalaren aukeraketaren inguruan izan zen. Malagónek azaleko mahaia “ase baino asegabe dauden mahaikideena” bezalakoa zela adierazi zuen; alegia, norbaitek, estresak eta presak jota, abandonatuta utzi balitu bezala mota askotako jakiak eta edariak, mahai-zapiak, aulki-kalitate desberdinak … Akaso belaunaldi dekadente baten adierazpenatzat uler genezake argazkia.

Bestalde, klubeko kideek biziki baloratu dute autorearen enpatia mina eta dolua jorratzean. Hari beretik, klubeko kideek heriotza aurreko suediar errituala ekarri dute gogora, hots, döstadning-a. Horren arabera, familia eta lagunei laguntzeko xedearekin, hilko den pertsonak berak egongo ez denerako gauzak antolatzen ditu. “Hemen geldituko zara” bigarren istorioak ematen du honen berri Amaiaren ahotsaren bidez.

Horretaz gain, Malagónek belaunaldi bateko helduen erretratua egin du. Heldu horien ahuleziak eta indarguneak azaleratu ditu, eta ironia finaz baliatu da eurei buruzko kritika egiteko. Malagónek azpimarra jarri du honako gai sozialetan: (emakumeen)lan-baldintza ez-duinak, adineko emakumeen lanpostuak, seme-alaba nerabeekiko harremanak, aiton-amonen iloben zainketaren gainkarga eta gaixotasun mentalaren ingurukoak, besteak beste.

Azkenik, irakurleek aho batez esaten dute Ana Malagónen ironia -erasotzeko baino, bere bebeserako erabili izana- eta ezusteko bukaerak direla liburuko ezaugarri aipagarrienetarikoak. Hurrengo liburua noizko egongo den eskuragarri galderari, Ana Malagónek erantzun du denbora behar izango duela buruko “datu-basea” esperientzia berriez berriro betetzeko.

Bitartean, irakurzaleok, irakurtzen jarrai dezagun!