Menu Close

Euskara elkarrekin bizi

Mintzalaguna. Abian da 2021-2022 ikasturteko Urola Kostako Mintzalagun programa. Euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariak) elkartzen ditu, astean ordubetez, euskaraz aritu daitezen.

Abian da 2021-2022 ikasturteko Urola Kostako Mintzalagun programa. Euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariak) elkartzen ditu, astean ordubetez, euskaraz aritu daitezen.

Ebelia Fernandez | Bidelaria

«Inportanteena hizkuntza batean erabiltzea da»

Ebeliak euskara ikasi zuen baina gero kalean erabiltzerakoan arazoak bilatu ditu eta Mintzalagun programarekin talde batean murgildu eta astero bere euskara lantzen du taldekideekin.

– Nola hurbildu zara Mintzalagun ekimenera?

– Duela hamar edo hamabi urte euskara ikasten hasi nintzen, klasean oso ondo dago ikastea baina askotan gramatika eta bestelakoak ikasi behar dira eta, aldiz, mintzalagun talde batera joaten zarenean ondo pasatzen duzu eta hori guztiz ezberdina da, horrek erakarri ninduen hastera ekimen honetan.

– Zure egunerokoan euskaraz egiteko arazoak dituzu?

– Bai, seme bat daukat eta berarekin gaztelaniaz mintzatzen naiz eta ohitura aldatu nahian nabil baina ez dut lortzen. Bikotea ere euskal filologoa da baina halere berarekin denbora erdian gaztelaniaz egiten dugu zoritxarrez. Ohitura kontuak dira, hori uste dut.

– Nola hasi zinen Mintzalagun programan?

– Oso heldu nintzela hasi nintzen euskara ikasten eta horregatik ez daukat ezer barneratuta. Gaizki hitz egiteko beldurra daukat eta horregatik honelako talde batean hitz egitea aukera oso ona zela pentsatu nuen.

– Eta zer topatu zenuen?

– Oso esperientzia ona. Neska batekin joaten ginen ibiltzera hitz egiten genuen bitartean. Nik ondo pasatzearekin lotzen dut beti saioa eta horrek dena errazten du. Getariara joaten ginen ibiltzen edo beste toki batzuetara, min-tzalagun ibiltaria izan da gurea. Galtxagorrin elkartzen ginen baina koronabirusarekin itxita zegoenez iaz beti ibiltzera joaten ginen, asteazkenero elkartzen ginen eta esan behar dut beti eguraldi ona egiten zigula, bestela portxeetan geratu beharko genuen baina eguraldia beti lagun, ibiltzera joaten ginen.

– Saio hauekin konturatzen zara erraztasuna hartzen ari zarela?

– Bai, batez ere hori da ezberdintasuna, eguneroko beharretara egokitzen zara, eguneroko hiztegia erabiltzen duzu, euskaltegian dena da prestatutakoa eta aldiz Mintzalagun saioetan eguneroko elkarrizketak egiten ditugu, naturala da eta hori behar da gero hizkuntza erabiltzeko.

– Eta orain ausartagoa zara euskaraz egiteko?

– Bai, lagun batekin beti euskaraz egiten dut, euskaldun zaharra da eta beste batzuk koadrilan euskaldun zaharrak izan arren berarekin sentitzen naiz eroso eta beti mintza-tzen gara euskaraz.

– Zer esango zenioke zu bezala euskaraz zerbait jakin baina erabiltzeko beldurra dutenei?

– Joan daitezela, hobetzera, euskaraz hitz egingo dute. Inportanteena hizkuntza batean erabiltzea da nire ikuspuntutik eta pena da hainbeste ikastea eta gero bazter batean ahaztuta uztea. Ikasten orduak sartu ondoren politena erabiltzea da, horregatik joan beharko lukete Mintzalagunera. Zarautzen euskaraz bizi daiteke nahi izan ezkero eta denak animatzen ditut saiakera honetan parte hartzera.

Gaizka | Bidelaguna

«Denetariko gaiak izaten ditugu, beste edozein taldetan bezala»

Gaizka Garmendia pasa berri dugun uda honetan ibili da bidelagun bezala eta bere esperientzia azaldu digu elkarrizketa honetan.

– Nola hasi zinen bidelagun bezala Mintzalagun ekimenean?

– Beno, alde batetik nire aitak urte batzuk badaramatza ekimen honetan, egia esan zenbat ez dakit baina dezente, eta gauza ezaguna zen niretzat bidelagun izatea. Inoiz ez nuen izan honetan sar-tzeko irrika edo deirik baina, beno, aurtengo maiatza aldean prentsan irakurri nuen bidelagunak behar zirela eta esan nuen uda nahiko lasaia nuenez eta Zarautz inguruan ibiltzeko asmoa nuenez uda osoan, AEKra deitu nuen eta bidelagun izateko asmoa azaldu ondoren talde batekin hasi nintzen.

– Zer egin behar du bidelagun batek?

– Gauza berezirik ez, hau da, astean behin zita bat izaten dugu eta hitzordu horretan elkartu egiten gara hitz egitera, euskaraz hitz egitera. Ordubetetxo inguru izaten da baina gu luzatu egiten ginen, pare bat ordu ere, berriketan, kontu kontari jardun, gustura egoten ginen taldekoak eta labur egiten zitzaigun saioa.

– Zertaz hitz egin behar da, gai berezirik proposatzen al duzue?

– Ez, gure kasuan behintzat ez genuen gairik jartzen, bost lagun ginen, bi euskaldun berriak ziren eta titulazio baten urratsetan zebiltzan, euskaraz ikasteaz gain titulazio hori lortu nahi zuten eta euskaraz hitz egiteko arintasuna izatea zuten helburu. Beste neska bat egoera an-tzekoan zegoen baina hau barnetegi batean zebilen neguan hainbat hilabeteetan eta udan jarraipena eman nahi zion. Eta azkena, emakume bat zen, euskaldun zaharra baina bere bizitzan euskaraz egiteko aukera gutxi izan dituena. Ahaztuta zeukan eta berreskuratu nahian zebilena zen. Gaiak denetarikoak izaten ditugu, beste edozein taldetan bezala, bat haurdun zegoen eta honen inguruan askotan hitz egiten genuen adibidez, Covidaren inguruan, txertoa hartu ala ez eta honelako gai arruntak, beste edozein taldetan hitz egingo zirenak.

– Zita toki berean egiten duzue?

– Gure kasuan zuzenean kafetegi bat hartu genuen eta pare bat saio egin ondoren malekoiko beste batera joan ginen uda izanik. Baina badakit beste talde batzuk mendi ibilaldiak egiten dituztela, pasiatzera joaten direnak edo bestelako planak egiten dituztenak ere badaude. Taldean bertan sor-tzen den zerbait izango dela pentsatzen dut.

– Mintzalagunera etortzen direnak zer diote?

– Nik uste gustura ibiltzen direla orokorrean. Norbait behar dute gidatzeko baina nire ustez aitzakia bat da Mintzalagun ekimena, beraiek bere aldetik ere egingo lukete hau baina amu bat da beraientzat, euskaraz ondo dakien bat topatuko dutela uste dute eta hortik abiatzen dira euskaraz hitz egiteko.

– Denbora duen euskaldun zahar bati zer esango zenioke?

– Nire kasuan hau egin dut beste batzuei laguntzeko, nik beti pentsatu izan ohi dut gizarte honetan zerbait eman beharra dagoela bestela ez duela zentzurik gizartean bizitzeak eta beste alde batetik niretzako ere egin dut, nire inguruan euskaraz hitz egiten duen jendea nahi dut eta ekimen honekin pertsona batzuk euskaraz egitera animatzen badira denon onerako. Zer esango nioke denbora librea duen euskaldun zahar bati? Bakoitzak daki bere denbora librea nola kudeatu, ni udan lasaiago nengoen eta ordu beteko solasaldi bat izatea, eta askotan gehiago ondo geundelako, ez da izan halako ahalegina eta ondo pasatu dugu denok elkarrekin. Pena merezi du.

 

Iturria: www.diariovasco.com (J.M. Zubiaurre)