Menu Close

Gatikako euskara gure bihotzean

Betidanik interesatu zaigu nondik datozen euskal izenak, gure kulturan, gure ohituretan, gure izaeretan sustraituta daudelako. Horiek horrela, joan den azaroaren 29an Adolfo Arejita, euskaltzaina eta irakaslea, Gatikan egon zen, bertako izenak disekzionatzeko. Izugarri interesgarria izan zen haren hitzaldia, izan ere, agian bigarren saioa antolatu beharko genuke, hainbat eta hainbat hitz esan gabe utzi baikenituen.

Hala ere, egon ez bazina, hurrengo lerroetan aurkituko dituzu izan genituen adibide batzuk, eskura duzuen bilduma Adolfo Arejitak egindakoa da.

01. Gatika herri-izena

Gatika, San Millango kartularioan, Catoica modura agiri da (203: In Catoica).

Latinez pertsona-izena: Cato, -onis. Catoni, bokalismo kasu oblikuoa, -i(us). *Catonica > Catoica > Gatika (/Katika).

IKA lekuizen atzizkia

Euskerearen sartaldean ugaria da -ika, Bizkaian eta Araban berariaz. Eta Bizkaian, Urdaibai eta Uribe eskualdeetan dago sustraituen.

Herri-izenak: Barrika (1052, Barrica). Gernika. Fika. Muxika. Sondika.

Auzo-izenak: Atxirika (Busturia). Azterrika (Ondarroa). Barandika (Muxika). Eskerika (Morga). Lekerika.

Auzune, baserri, etxe izenak: Enderika (Mungiako Elgezabal auzoko baserria).

Nongoa zara? Nondarra zara?: –ar > –oztar aldaera: gatikar > gatikoztar.

02. Auzo eta auzun izenak

Basaldua. Etorkiz: baso altua. Baso > basa-. Altu > aldu. Atzizkia, -a, mugatzailea.

Butroe, Butroi. “Butron” izenaren eboluzino-aldaerak dira, Butroe zaharra eta Butroi modernoa. Aragon izenak Iparralde euskera, Aragoa eta gure berbetan Aragoi emon dauen antzera.

Dobaran. Berbertoko leku izena. Etorkiz: Doba harana. Haran izen zaharra, gaur berbetatik galdua, baina lekuizenetan indartsua. Toponimo ugariak: Arana, Araneta, Aranbarri, Aranburu. Gatikan, Doba harana. Izen arrun lez XVI-XVII. mendeetan erabilten zan. Lazarraga poetak: “Mendi altuan erurra daidi, / aran baxuan eguzki; / mendi-aranak gustiak baino / ene koitaok naguzi” (Lazarraga (B)1205r). “Zugana suspiratzen dugu laiduz eta negarrez, negar ibar onetan, malkozko arane onetan. (Isasti), “porque aranea significa valle” (Isasti 167).

Garai, Gárài, auzoaren izena, baina baserriarena be bai. Toponimian ugaria. Durangoaldean Oizpean dagoan herritxoaren izen bera. Ubikazino geografikoa: auzo edo etxea goialdean datza. Garaia, “goialdea” esateko, gaur sartaldean ez darabilgu. Durangoaldean gazt. “horreo” dalakoarentzat darabile garaidxe. Baina Bizkai eta sartalde osoan ugaria da lekuizen lez eta deituretan, eta Euskal Herri osoan erabilia zan.

Bengoetxe, edo Garaibengoetxe, baserria be badogu Garaiko auzo horretan. Bengoetxe, ahoz Bengotzé, izen zaharra dogu: behengo etxea, beheko etxea. Bengoa eta Bengoetxea lekuizen eta deitura-izen ezagunak doguz sartaldeko euskeran. Gaur egun behekoa esaten dana, lehenago sartaldean bengoa (behengoa) esaten zan.

Gorordo. Etim. gogor eta -to atzizkia. Berbertoko lekuizena. Pentsa lei, pertsona-ezizen edo kalifikatibo batetik ete datorren. Badira: alperdo, bajuto, bizardo, buruto (Mungialdean ‘buruhandi’ esanguraz erabilia), eperto (eperdihandi), lapurto, lodito, nagito, saskeldo, txarrito, urtento eta hainbat. Gogordo, “sendokote” esangurakoa genduke.

Igartua, Igertu. Oinean igartu (ihartu) aditza, izen bihurtuta. Baina lur-eremu bati egotzita: paraje lehorra, ur gitxikoa. Mitxelenak: “secado, marchitado”. Beste leku batzuetan be ezaguna lekuizenetan (Morgan, Andramari ganeko auzua: Igértú). Deitura ezaguna Bizkai partean. Aditz ezaguna gaurko berbetan: bedarra, landarak, arbolak… igartu.

Libaroa, Libero (< Libarona). Latin-erromantzetiko -ona atzizkiak -oa bihurtu dira euskeran. Bardin: Azilloa (Arrieta), Andikoa (Berriz), Bedaroa/Bedaru (Ea), Lemoa (herri-izena), Malloa (Fruiz).

Sertutxa, Sertutxe. (auzunea, baserria). Atzizkia, -txa, txikigarria da: bigantxa, burutxa, neskatxa edo txarrantxa izenetan daukagun bera. Lekuizen eta deituretan: Atutxa, Sustatxa izenetan dogun bera.

Ugarte. Hegoaldeko euskeran ugarte, ekialdean uharte. Hizkuntza arruntean “isla” esanguraz zabaldu zan aspaldi ugartea, baina berez ugartea, ur arteko, ur bitarteko lur-arloa da. Justo Garateren hitetan: Ugarte, no es ‘rodeado de agua’ como dice Azkue, sino ‘entre ríos’ o ‘confluencia’, pues es un desacierto su extensión a isla por Larramendi” (BAP 1949, 364). Gaztelaniaz be ezaguna da “Entranbasaguas” deitura gisa. Lekuizen ugaria da Ugarte, batez be Kantauri isurialdean (Muxika, Barakaldo…).

Urresti. Urretx arbola-izena dau oina: “avellano”. Gazt. “Avellaneda”. Lekuizenetan emaitza ugaria: Urreta, Urrexola. Sartaldean urretx dana ekialdean hurritz da. Urrexola (1149).

Atzizkia, -di, ugaritasun adierazle, berariaz landaretzan. Urretx oinari lotueran -di > -ti bihurtu da: Sagasti (sagardia), Intxausti (intxaurdia), Amezti edo Errazti egin diran antzera.

Urrutxua etxea be bada Garai auzoan. Ahoz: Urrútxu. Etorkia: hurretx + -zu multzo-atzizkia. Urresti eta Urrutxu, arboladi beretsuaren adierazle dira: “avellaneda”. Urretxu zaharragoa aspaldi bokal-bakartu zan Urrutxu bihurtzeraino. Urrutxu(a) bide-kurutze ezaguna da Oizpean, Mendata, Muxika eta Iurretako bideek bat egiten daben lekuan. Deitura ezaguna be bai. Atzizkia, -zu, multzo edo ugaritasun adierazle da: Arantzazu, Urkizu/Urkuzu, Lexarazu eta beste askotan lez.

Zurbao, Zurmo (< Zurbano). Araban lekuizen ugaria (Arratzua-Ubarrundian), eta Nafarroan be ezaguna (Gesalazko Iturgoien herrian, desagertutako herria). Bigarren osagaia, -ano > -ao bihurtu zan aspaldi zaharrean euskeran. Libao daukagu Arrietan. Fao dogu Lemoizen. Galdakao herri-izena. Lazkao Goierri Gipuzkoakoan.

03. Etxe-izen “bitxiak”

Arratxaibar, Aritxiberre, Butroe aldeko etxea. Arratza lekuizenaren gainean ibar izena dauela. Gaur berbaz nekez darabilguz harana eta ibarra, baina lehen izen ohikoak ziran. Gazt. “vega”.

Artzubi. Gorordo auzoko etxea. Artzubi izen zaharra, gaur harri-zubi edo harrizko zubia. Harri > har– bihurtu da hitz-alkarketan. Ezagunak dira hainbat lekutan Artzubiaga moduko izenak. Arratia aldeko etxe askotan, pisu bikoetan, kanpotik goiko pisura igoteko eskilara antzeko arranpa bat dago, artzubie esaten jakona. Artzubia, gaur berbetatik galdua dan izena.

Atzealdapa, Atzealdapeta, Atzaldapata. Libaroako baserria. Esanguraz: atzeko aldapea. Baina aldapa izenak ez dauka hor “aldats” esangurea, ezpada “etxe ondoko lur-arloa edo sasteia”. Aldapea, “sastegia” edo etxeko hondakin-zaborrak botaten diran lur-arloari esan izan jako sartaldean.

Auntzesieta, Urresti auzoko etxea. Esangura gardena: ahuntzen hesia. dagoan lekua. Ganaderitza jardueran, ahuntza agiri da, eta hesia (cercado), gaur herri-berbetan gitxi entzuna.

Billelako errotea, Birleko errote. Latzaganeko errote. Ugarte auzoko etxea. Billela izen zaharra Birla > Birle ahoskaturik, Mungiako auzoaren era berean. Errotea, urungintza jardunari loturiko etxearen izena, gaur bizirik daukaguna.

Galtzada, Galtzada / Kaltzada, Garai auzoko etxea. Galtzadea galdu da gaur gure berbategitik. Baina harrizko bideari, harrilosaz eginikoari, galtzada, galtzadea eritxon lehenago.i Baserrietxe hori galtzada zaharraren ondoan egoalako akordua dakarskun izena.

Delortu, Delortubeko / Delortuzarra. Sertutxa auzoko etxea. Bigarren osagaia gardena da: ortua. Baina Delurto itxurapean agertu da lehenengoz (Rodrigo de Delurto 1455). Erdal egiturea dauka azpian, del determinatzaile eta guzti: (del huerto).

Ortu izena sartaldekoa eta zaharra dogu. Lazarraga poeta arabarrak: “Gure ortuan madari, / gurazaurik amabi. Baina ortu > urto bihurtze hori gaztelania sundakoa da. Bilbon ezagunak dira Basurto, Aburto eta gehiago. Baina Gatikan ortu agiri da garden: ortubeko eta ortuzarra itxurapean.

Ibarguen, Iberbune. Igartua auzoko etxea. Ibar + guren izen alkartze zahara. Horretatik: ibar guena. Esanguraz: ibar goiena, ibarraren goientxoa.

Intxausti, Intxusti (baserria). Gazt. ‘nocedal’. Intxaur arboladia. Sagasti, urresti, gorosti izenen antzera. Intxaurra lehenago negualdiko janari sendoa zan. XVI. mendeko errefrau zaharretariko batek dino: “Txiroak dirudi insausti, guztiok arrika beti” (RS 467). Intxaurrak arbolatik erasteko, harrika egin.

Ireta. Etim. ira (helecho) + -eta pluralgilea: irea dagoan basoa edo parajea. Helechos […] que en vascuence son llamados irak” (Ibarguen Cachopin III 129). Iraeta, Iratza , be guztiz ezaguna Gipuzkoan.

Irea estimadua izan da baserritarrentzat. Berariaz ganaduen azpiak egiteko, azpigarritzat. Sats ona udabarrian eukiteko, soloak satsitu eta gero ereiteko. Eta bedar gitxi edo bedarsiku gitxi baegoaan neguan ganaduarentzat, ganadu-jatekotzat be bai. Horregaitik egozan iratza, ira-arlo zabalak basoetan, gurkadaka etxera igaroteko.

Iruaretxeta, Iruatxeta. Etim. hiru haretx + -eta plural atzizkia. Zurbao auzoko etxea.

Haretxa (roble), geure-geure arbola mota. Haretxaren ezkurrak lehenago estimaduak ziran txarri-jatrekotzat.

Atzizkia, -eta, berez ugaritasun-adierazle izan arren, lekuizenetan “lekua, non dagoan” adierazoteko erabili izan da: hiru haretx dagozan lekua.

Iturrieta, Iturritta. Ugarte auzoko etxea. Iturria + -eta plural-atzizkia. Iturria hur daukan etxea. Iturria, etxe bat zein lekutan dagoan adierazoteko, erreferente ugaria da Gatikako etxeetan. Beste etxe batzuen izenak dira:

Iturburu, ahoz Ittúrburú. Garaiko auzoan. Iturriaren goientxoa.

Iturralde, ahoz Ittúrraldè. Iturria dagoan inguru edo aldea.

Iturribiarte. Garai auzoko etxe honi, gaur Barberusarrene izena emoten jakona, agirietan Iturribiarte deritxo. Gramatika eta esangura gardeneko izena: iturri biren artean datzala etxe horrek.

Legarribai, Learbi. Libaroako baserria. Osagaiak: legarr + ibai.

Legarra, “harrikirria” da, gazt. “grava, gravilla”. Lekuizen-deituretatik kanpo (Legarra, Legarreta…), berbeta mailan galdua da legar izena, etxe-izen honetan gorde dana.

Ibaia, erreka zabala da. Herri-berbetan bizi ez dan hitza. Legaribai geografia-izen deskriptiboa da: harrikirri, harrikondor, areadun ibaia.

Leuxarra (errota, jauregia…), Lauxerre. Lauxerrekoerrote. Ugarteko auzunea eta etxea. “San Juan de Leusarra” (1511).

Leuxartxu: Lauxertxu. Atzizki txikigarria, -txu, berba ohikoetan be (izen, adjektibo, adberbio) sano erabilia. Baina -txu aldaera daukagu, ez -txo aldaera.

Lubarrieta, Luberritta / Lugurritta. Sertutxa auzoko etxea. Lubarria, edo luberria, lehenago baso izaniko lurra, solo bihurtzeko goldatu barriari esaten izan jako. Gazt. “noval, tierra de nueva roturación”. Morgan be, Meakako auzoan, geure etxearena zan landa baten izena zan: luberridxe: lantzarra zan. Esangurea: lubarria dagoan leku edo ingurua.

Magalgarratzaga, Margaltza (tontorra).

Magala, mendi-magala, mendi-hegia, inguru aldrapatsua (falda del monte). Gaur galdua dogu magal izena sartaldean, mendi-hegalari esateko.

Garratza, magal garratza, “neketsua, gogorra, latza, lehorra” esateko. Errefrau zaharra dogu euskeraz: “Atzerrian lurra garratz, oina ibini egik baratz” (RS 9). Eta lekuizen honetan, magal garratza horren azpian, aldats pikea, handia be egon daiteke. Labayru Hiztegiak badakar adiera bat: ” grande, enorme. Familia garratza hazi dau berak bakarrik. Etxe garratza jaso dabe.

Martierrota, Libaroako etxea. Marti pertsona-izen zaharra daukagu hor, gaurko Martin izenaren euskal kide zaharra. Errota-jaube zaharra zein zan dirausku: Martiren errota.

Mestika, Mestike (baserria). Atzizkia –ika amaiera. Pertsona-izena, latin etorkikoa: Mestius. Lumon be bada Mestika.ii
Ola. Butroe auzoko baserrietxea. Anunsiane be deritxo.

Olabarri etxea daukagu Zurbao auzoan be. Herriz Errigoiti eta eleizaz Morga dan Olabarri auzoaren izen bera.

Lehen behargintza ohikoa zan eta gaur galdua dan olea izenera garoaz. Olak, burdinolak ohi ziran, burdingintzarako eraikuntzak, gazt. “ferrería”. Erreka ondoetan ohi egozan, errotak lez. Ubidera bideratzen zan uraren indarraz eragiten jakon gabiari. Langintza zaharren gomuta-zigilu dira lekuizenok: Ola, Olatxu, Olazar eta hainbat.

Olakoetxea, ahoz Olakotzesarra / Olakotze. Igartua auzoko etxea. Olakoetxea izenak, ugazabak Olakoak zirala aditzen emoten dau.

Oleaga izen zaharra eta Olena-Olene izen barriagoa dauka Garai auzoko etxe batek be. Ola izena, -a mugatzaileaz, olea bihurten da. Eta -aga, leku-atzizkia dogu oinarrian: olea dagoan gunea. Gaur egun -ena/-ene atzizkiaren bidez, norena/zeinena dan etxea seinaletan da: Olaren etxea.

Ospitala, ahoz Ospittelé deritxo Garaiko etxe honi. Ospitala ostatu-etxea izan da batez be, gaur daukan “erietxe, gaisoetxe” baino gehiago. Bidezkoek gabaz ostatua euki eroen etxea. Toribio Etxebarria eibartarrak halan dino: “Hospitala, leengo denboretan, Santiagora zoiazenentzat ostatua” (Lexicon Eibar).

Iztueta zaldibiarrak bere Kondaira-n dakar: “Elizatxo bat jarri zeban eskale bideanteentzako arroztegi edo hospital, gela berezitua estudianteentzat zebala” (Kondaira 452).

Paduraetxebarria, Paduraetxebarri. Igartu auzoko etxea.

Padura edo fadura izena da aitatzekoa. Izen arrunt lez gaur egun ez darabilgun, galduta edo erdi-galduta dagoan hitza da padura edo fadura. Azkuek, dana dala, bere hiztegian, Plentzia aldeko (Uribe kostako) berbetan ezaguntzat dakar, honelan definiduta: “Marisma, terreno bajo que se inunda con las aguas que rebosan del mar o de los ríos”.

Uribe merindadean (Getxo, Erandio…) eta Bilboko errio inguruetan padura diranak, Urdaibai aldean zingerak dira. Gaur egun toponimo lez dirau padura izenak. Gatikako etxe-izen honen kasuan be bai.

Pikaraga, Pikera (baserria).

Txanbelinena, Txanbeliñe. (Aurrekoa). Pertsona-ezizen batetik. Nik hiru esanguragaz entzun dot txanbelin berbea.1
Txosna, ahoz Txorna, Txorne, Garaiko etxea.

Txanbelin: 1 adj. txairo, dotore, liraina; ‘lindo’. Gure neskatxu txanbelina. 2 adj. (egural.) bizi, aldakor, aldizto. Egun txanbelina dago gaur, oraintxe eguzkia, oraintxe euria. Eguzki txanbelina dago eta burua estalduta ibili. (Morga). 3 adj. (gaitzes.) zoro, arin, zorango, buru-arin. Mutil / neska txanbelina. Agure txanbelina! Zer dinozun be ez dakizu, txanbelinorrek! Txanbelin hutsa da; ez dauka bururik garaunik be. (Barrutia).

Txanbelindu: 1 ad. (fig.) buruarin bihurtu, buruarindu; ‘aligerarse los cascos’. Txanbelinduta zagoz: zaharrago eta txarrago. Hainbeste edaten badau, laster txanbelinduko da. Gizonau edozer esatera emonda dago: txanbelindu egin ete zara ba?

Txanbelinkeria: iz. buruarinkeria. Zelako txanbelinkeriak daukaz baina!

Eskerrik asko, etorri zineten guztioi!!!

Eskerrik asko, Adolfo Arejita, biziki ikasi genuen zurekin!!!!

          Bizi euskaraz!!! 

          Euskaraz seguru!!!!

          Euskara beti bihotzean eta ezpainetan!!!!!