Menu Close

Maruri-Jatabeko Berbalagun hegan egiten

Maruri-Jatabeko Berbalagun taldea hegan egiten hasi da. Urriko azken ostirala aprobetxatu genuen ekimena aurkezteko, bertoko Kultur Etxean. Deialdi zabala egin zen eta aurpegi ezagunak ikusi genituen. Horiek horrela, ziur gaude horietako inork ez duela asteko saiorik galduko, biltzeko konpromisoa baitugu.
Horrez gain, Bitxos Maruri proiektua ezagutu genuen Maitane Azpillagarekin. Benetan zoragarria da egiten ari direna Ianduri auzoan, izan ere, ehun hegazti baino gehiago, zaldiak eta beste hainbat animalia dituzte “etxean”, eta guztiak zaintzen dituzte Maitanek eta Ibanek, era horretan, haiekin batera lortzen dute Natura Eskola bizia ematea.
Mezu ederra zabaltzen ari dira lau haizetara, eta Berbalagun taldea bat dator horrekin, hau da: natura maite, natura zaindu.
Horrela joan zitzaizkigun orduak eta horrela bukatu genuen arratsaldea, baina etorkizunerako baditugu mila plan, esaterako, Bitxos Marurira joango gara bisitan, eta batek daki noraino helduko den gure arteko adiskidetasuna.

Gustatu bazaizu plana, euskaraz bizi nahi baduzu edo euskaraz praktikatu nahi baduzu etorri guregana, hemendik aurreratzen dizuegu, Maruri-Jatabeko taldea ostiralero biltzen dela, arratsaldeko 18:00etan.

Jarri harremanetan gurekin eta izan zaitez berbalagun.

          Bizi euskaraz!!! 

          Euskaraz seguru!!!!

          Euskara beti bihotzean eta ezpainetan!!!!!