Menu Close

Gihar kate luzaketa tailerra: kronika eta argazkiak

Goiz zoragarria pasa genuen urtarrilaren 30ean herriko zenbait berbalagun, ikasle eta herritar gihar-kate luzaketa tailerrean.

Esterillak eutsita 9:30ean musika eskolako eskailerak igo eta bertako gela batean nork bere tokia hartu zuen. Ia ezin kabitu ibili ginen bertaratu ginen 25 lagunok!

Saioaren hasieran, gai emaileak, Jonek, azaldu zigun zer ez den gihar-kate luzaketa; geroago, zer den jakinarazi zigun. Estreinako azalpenak jasota, Jonen proposamen eta galderak entzun  bitartean, luzaketa ariketak egin genituen. Aho bete hortz geratu ginen zenbait momentutan! Horren ariketa sotilak eginda, a zer arindua sentitu genuen gorputzean! Saioari amaiera emateko, parte hartzaileok geure bizipena azaltzeko aukera izan genuen; denetarik atera zen bertan!

Itzela izan da horrelako ekintza berezia elkarrekin, Sestaon eta euskaraz egitea! Eskerrik asko parte hartzaile guztioi gure hizkuntzari arnasa normaltasun osoz emateagatik! Eta batez ere, eskerrik asko gure gai emaileari gihar-kate luzaketaren munduan euskaraz barneratzeagatik! Hurrengora arte!