Menu Close

Mintzodromoa: kronika eta argazkiak!

Martxoaren 29an Mintzodromoa egin genuen Sestaon; eta zeinen ondooo! Konpainia atsegina, jatekoak, opariak… eta batez ere, euskaraz hitz egiteko aukera!

Berbalagunak, euskara ikasleak, institutuetako ikasleak eta herriko euskaldunak elkartu ginen zenbait gairi buruz mintzatzeko (estereotipoak, jazarpena eta musika). Horretarako bi txanda egin genuen: goizekoa 9:45etan hasi behar zen, hala ere, aulkiak 45 minutu berandu heldu zirenez, apur bat atzeratu zen ekintza. Hasierako, estualdia kenduta, ederto igaro genuen goiza bertaratu ginen 150 lagunok. Tarteka opariak ere zozketatu genituen: agendak, betaurrekoak, euritakoak, zirak, boligrafoak, poltsak… Bukaeran, berba egiten jarraitu genuen, baina zizka-mizken inguruan; egarria baretu eta tripa bete bitartean elkarrizketa are naturalagoak sortu ziren. Arratsaldeko txanda 19:00etan hasi zen Gaztelekun; hauxe txikiagoa izan zen, familiartekoa, 40 lagun inguru elkartu ginen mingainak astintzeko asmoz, eta helburua soberan bete genuen. Gainera, goizeko txandan bezalaxe, oparitxoak zozketatu ondoren, tripa primeran bete genuen!

Eskerrik asko parte hartu zenuten guztioi eta laguntza eman zenuten guztioi; zoragarria izan da Sestaon horrenbeste jenderekin euskaraz mintzatu ahal izatea!