Menu Close

Irakurzale kluba bueltan da!

Urriaren 19an ekingo diote berriz elkartzeari Irakurzale Klubekoek, eta Ursula K. Le Guin idazlearen “Oihan hitzean mundua” izango dute hizpide oraingoan.

Kolonizazio bortitz batek athshetarren bizitza baketsua hautsi du. Selver ameslariak gidatuta, azkar baino lehen ikasiko dute haiek ere bortxaren mintzaira, euren munduak biziraunen badu. Nora darama itzulbiderik gabeko biolentziaren hautuak?

Ursula K. Le Guin literatura fantastikoak XX. mendeak eman duen idazle nabarmenetarikoa da. Hau da euskarara itzulitako bere lehen liburua.

  • Aitzinsolasa: Arrate Hidalgo.
  • Gibelsolasa: Iban Zaldua.

Egilea

Ursula K. Le Guin. Idazle estatubatuarra. XX. mendeko zientzia-fikzioaren maistretako bat dugu. 20 bat eleberri, 100 istorio laburretik gora, poesia, literatur kritika, itzulpena eta haur literatura ondu zituen 60 urteko ibilbidean. Taoismoaren, feminismoaren eta humanismo erradikalaren bidetik, gizateriari kapitalismotik at kokatzen diren bizikidetzarako aukerak eskaini zizkion bere lanetan. Oraindik ez da munduan Le Guin maite ez duenik sortu.

Itzultzailea

Amaia Apalauza (Iruñea, 1979). Itzultzailea da. Euskal Filologian doktorea (EHU), Nafarroako euskaran aditua eta euskaltzain urgazlea da, baita EIZIEko zuzendaritzako kidea ere. Dovlatov, Drakulic, Ishiguro, Kapuscinski eta Tokarczuk itzuli ditu, besteak beste. Beti dabil unibertso berrien xerka.