Menu Close

Tantaka: maiatzeko tanta

Trapagarango Agurtzane Goitiari egin diogu elkarrizketa oraingoan. Egun Portugaleteko Santa Maria Ikastetxean dabil irakasle. Ortuellako lehenengo berbalagunetarikoa da (2007ko maiatzean hurbildu zitzaigun) eta orain dela hilabete bat eta erdi ama izan bada ere, tarteka bere ostegunetako taldera joaten jarraitzen du, bera izan baita talde horretako arduraduna. Nola hitz egiten dio semeari bere mutila katalana izanda?

Nola euskaldundu zara?

Txikitatik euskaraz ikasi nuen, B ereduan hemengo (Trapagarango) San Gabriel eskolan. Institutura pasa nintzenean bakarrik D eredua zegoen eta nire ahizpa eta biok, bikiak gara, A eredura sartu ginen. Ez ginen ausartu Dn sartzen, agian oso zaila zen… Orain damutzen gara baina momentu horretan ez genekien. Magisteritza Musikala eta Pedagogogia gazteleraz egin nuen (orain dela urte bat amaitu nuen, magisteritza ikasten nengoela gustatu zitzaidan baina lanean eta karrerarekin… ba poliki-poliki9 baina euskara beharrezkoa zela konturatu nintzen eta pentsatu nuen: “euskara berreskuratu behar dut”. Ulertu, guztia ulertzen nuen eta hitz egiteko nola edo hala gai nintzen baina hiztegia galduta neukan. Gainera, nire ahizpa adibidez oso ausarta da baina niri… kostatzen zitzaidan erreztasunik ez neukalako. Hasi nintzen lehenengo eta behin hizkuntza berreskuratzeko AEKn, Nerea Garaizarrekin, eta oso ondo! Batez ere mintza eta hizkuntza berreskuratzeko. Baina gero… titulua behar izan nuen.

Euskara titulua?

Bai. Lanean zorte handia izan dut. Lanean titulurik gabe hasi nintzen baina aukerak eman zizkidaten euskara ikasteko lan egiten nuen bitartean. Hasi nintzen hainbat lekutan begiratzen, HABEn, Lizardiko AEKn… Titulua lortzeko “machaque total”. EGA ahozkoan penkatu nuen eta urte batez oso desmotibatua egon nintzen baina ez nuen utzi. Berriro bueltatu nintzen Trapagarango AEKra Maria eta Garbiñerekin eta urte horretan Hizkuntza Eskolako 5. maila atera nuen. EGAren baliokidea da eta badaezpadan azterketa bat baino gehiago aukeratu nuen.

Orduan hasieran euskaltegian euskara berreskuratzeko izena eman bazenuen ere, gerora beharragatik izan zen, ezta?

Hori da. Zaila da lan egitea titulurik gabe. Beitu! Orain finko egin didate lanean eta orain aukera gehiago dauzkat. Gizarte, Euskara eta Musika euskaraz eman izan dut. Gaur egun presio handia dago titulengatik. A, beno! eta gero ezberdina da ikasleak umeak, nerabeak edo helduak badira eta A, B edo D eredukoak badira, e! Eta gainera Portun… Baina gustura nago!

Nola hasi zinen Berbalagunen?

Kar-kar. Oihanerekin. Oihane nire ikaslea izan zen. Txikitatik hasi nintzen musika ikasten. Akordoia aukeratu nuen gustuko nuelako eta gogorra izan bazen ere, akordoia erosi eta gero (ez dakit zenbat diru!) ba pentsatu nuen aurrera egitea. Ikasi dut baina ez dut aukerarik izan kontzertuak eta emateko baina bai Trapagarango Musika Eskolan klaseak emateko. Han Oihane ezagutu nuen, agian 2000. urtean edo? Gero, ba banekien Oihanek Trapagarango AEKn lan egiten zuela. Laguntza pixka bat eskatu nion Euskara ikasgaia eman behar izan nuenean. Konturatu nintzen “soltatu” behar nuela eta nire adineko pertsonekin euskaraz hitz egin, azken finean umeekin ezberdina da. Esan nion: “Badakizu zer edo zer mintza lantzeko, baina ez hain formala, ez klaseak bezala, eta denbora asko ez dut…” Berak esan zidan Ortuellan Berbalagun egitasmoarekin hasi berri zirela baina Ortuellara joan behar nuela. Uztailean egon nintzen batez ere, bai, Ortuellan, eta jende majoa ezagutu nuen!

Batzuek esaten digute arraroa dela taberna batean elkartu, askotan ezezagunak, eta hitz egiten hastea…

Ez! Ondo antolatuta dago arduradun bat dagoelako. Iaz Oihane izan zen talde bakarra zelako. Elkarrizketa edo gairen bat ateratzen ez bazen berak bideratzen zuen. Orain hori niri tokatzen zait ostegunetako taldean, ezta? kar-kar. Heltzen da momentu bat beti ateratzen dela “euskara” gaia. Tituluak, presioa, azterketak… Baina konfiantza hartzean beste gai batzuk ateratzen dira: txutxu-mutxuak, asteburu pasak, bitxikeriak… Momentu bat da astean, euskaraz egiteko eta klasetik kanpo! Hitz egiteko, erlaxatzeko… zorrotz zuzendu barik! Animatu nintzen pila bat eta jendeari esan nion. Nire ahizparentzat, adibidez, oso ondo dago. Berak ez du behar titulurik, bakarrik hitz egin. Orduan, primeran!

Ama izan den lehenengo Berbalaguna zara…

Bai… Orain dela hilabete bat eta erdi izan genuen Oinatz. Oso pozik gaude. Orain bagaude zein hizkuntzatan hitz egin behar diogun saltsa horretan, esperimentuak eta probatzen! Kar-kar! Euskaraz erosoago sentitzen naiz eta erabaki dut Oinatzekin euskaraz egitea; baina, nire mutila katalana da! Esaldiren bat harrapatzen du “Non dago ama?” baina… Antoniok erabaki zuen berak katalanez hitz egingo ziola semeari, berak ere ez du nahi galdu. Orduan ba hori, nik Oinatzekin euskaraz, Antoniok Oinatzekin katalanez; eta, bion artean gaztelaniaz! Igual hirurok gaudenean izango da zailagoa… Baina, etorkizunean Oinatzek hiru hizkuntzak menderatzea nahi dugu.

Batzuetan ikusten dut errieta egitean edo gurasoek gaztelaniara jotzen dutela. Euren burua mugatua ikusten dute euskararekin eta beldur dira. Azkenean ahozkoan gaitasunik ez dutela konturatzen dira, eta agian titulua daukate, e!

Nire asmoa nire inguruan gero eta euskara gehiago entzutea da. Hau da, nire gurasoak erdaldunak dira baina nire ahizpak euskalduntzen ari dira. Batek semea du eta batzuetan euskaraz egiten dio, ni nagoenean batez ere, baina orain haurdun dago eta AEKn ikasten du. Eta beste ahizpa nahikotxo saiatzen da. Umeekin egoera hobetzea nahi nuke.

Zelan ikusten duzu euskara Trapagaranen?

Gero eta hobeto, benetan. Eskola guztietan D eredua dago eta nire adinekoak umeak izaten hasi gara eta batzuen aukera euskaraz egitea izan da. Gainera, ikastola ere bazegoen eta horren emaitzak orain jasotzen ari gara. Esan nahi dut, gure belaunaldikoek umeak izatea aukera ona izan daiteke euskara eskolatik ateratzeko eta bide batez beharra berreskuratzeko. Gero, Gaztetxean nabaritzen da lana egin dutela gazteekin euskaraz egiteko. Gazte guztiek ulertzen dute, baina erabili? kalea da giltza. Beno, eta gero badago jendea umea D ereduan sartu eta ikasten ez duena, e? Hori atzerapena baino ez da, umeek lotuko dutelako euskara irakaskuntzarekin eta ez erabilpenarekin. Interesgarriak dira guraso taldeak. Trapagaranen badago ezta?

Eta gero, Berbalagun talde bat daukagu. Oraindik proiektua Udalan ez badago ere martxan jarri da talde bat. Orduan, beharra ikusten da, ezta? Trapagarango asko eskualdeko BTetan daude eta zergatik ez hemen? Ondo dago mugitzeko aukera izatea, beste herrietako euskaldunak ezagutzeko baina baita herrian aukera bat gutxienez izatea.

Zer esango zenieke euskara ikasten dabiltzanei?

Ez uztea!!! Titulua behar badute desmotibazioa eta uzteko gogoa askotan izango dute baina jo ta ke atera arte! Arazoa ez da ikastea, azterketa sistema baizik. Agiri batek ez du erakusten zu euskalduna zarela, orduan, dirua ateratzeko negozioa baino ez da. Eta azkenean zortea! Egun batean erlaxatuago azterketara joan eta txas!

Titulua izanez gero, ba ez erlaxatzea… ez da euskara utzi behar. Badago jarrera hori “nazkatuta nago”. Nik uste dut behin titulua izanda momentua dela disfrutatzeko, hizkuntza erabiltzeko. Gomendatzen dut Barnetegira joatea. Nik hala egin nuen! Barnetegira joan nintzen Mintza landu eta disfrutatzera. Eta primeran! Hor hasi nintzen berriz ere hizkuntza barneratzen eta segurtasuna sentitzen. Akatsak guztiok dauzkagu, kontua da jarrera zelangoa den. Segurtasunak hizkuntza hobetzen du, hizkuntza maitatzen ikasten dugu!

Eta guraso izan nahi dutenentzat baina bikotea erdalduna delako beldur direnei?

Badauzkagu momentu pila bat seme/alabarekin bakarri egoteko. Nahiz eta bikoteak beste hizkuntza bat erabili, nik gure hizkuntza Oinatzekin lantzeko aukera asko izango ditut. Ez dugu beldur izan behar! Gainera, aukera ona izango da euskara nire etxean sartzeko. Nire umearekin euskara sartuko dut. Bera gabe lortu ez dudana. Antonio “pikatzen” hasi da dagoeneko euskararekin, agian ikasten animatuko da… Eta, nire ahizpekin eta lobekin. Oinatzekin nire etxea euskalduntzen ari da.

Eskerrik asko Agurtzane zure esperientzia kontatzeagatik!!!! Zure tanta ez ezik, Oinatzen tantari esker ere itsasoa osatzen ari gara!!!

Grabagailua amatatu bezain pronto Agurtzanek egin zigun galdera:

Nola egiten duzue informazioa zabaltzearena? Komunikazio sarea ondo zabaldua duzue astero mezuak zabalduz? astero jasotzen dut bat sarritan dago euskara lantzeko ekintzaren bat, ezta? zenbat berbalagun daude?

Bai. Momentu honetan 18 BT daude eskualdean: Muskizen 7, Abanto-Zierbenan 5, Ortuellan 4, Trapagaranen 1 eta hilero elkartzen den Mendi BT. Guztira 175 berbalagun daude eta horietatik 100 bat taldeetan daude. Horiek eta beste zenbaitek, zehatz mehatz 135 lagunek, e-postak jasotzen dituzte eskualdean dauden ekintzen berri izanez. Oso pozik gaude Meatzaldeko euskaldunen hartu-eman sarea ondo funtzionatzen ari delako. Gero eta jende gehiago animatzen ari da!