Menu Close

Ziztu bizian, euskaraz! Korrikaren aldeko pista-jokoa

Herenegun, Gurasolagunek eta Urtxintxa Eskolak antolatuta, !Ziztu bizian, euskaraz” pista-joko dibertigarria egin genuen korrika kulturaren baitan. Saioa Gandasegiko arkupeetan egin genuen, eta bertan, hilean behin animatzen diren familiez gain, proiektua ezagutzen ez zuten beste batzuk ere hurbildu ziren.

Atharratzen hasi eta herrialdez herrialdez zeharkatu behar izan zuten Euskal Herria bertaratu ziren familiek, lekuko galduaren bila. Horretarako, Estitxuk jarritako 7 probak gainditu behar izan zituzten, zein baino zein dibertigarriagoa: ping-pong pilotak garraiatu koilara ahoan zutela, memoria jokoa, gurutzegrama, enigma-jokoa, puzzle bat…Dantzan ere jarri zituzten, gurasoak eta umeak aurrez aurre, Klika abestiaren erritmora, pentsa!

Askotan esaten dugu Gurasolagunen helburua familiako eta familien arteko kideen  elkarlana sustatzea dela, eta ostiralean ezinbestekoa izan zen denen ekarpena. Izan ere, hasierako probek ez zuten hainbesteko zailtasunik, baina Bilbora hurbildu ahala dena hasi zen apur bat korapilatzen. Eskerrak ume zein gurasoak adi-adi egon ziren erronka guztiei aurre egiteko eta, beraz, lekuko desiratua aurkitzeko.

Primeran pasatzeaz gain, geografia apur bat ikasi eta Korrikarako motorrak berotu zituzten saio bietara animatutako 18 lagunek. Ze gehiago eskatu ahal diogu ostiral euritsu bati? Tipi-tapa, tipi-tapa, KORRIKA!