Menu Close

IBON MAGOA SAN MIGELEKO TABERNA NAGUSIAN

Iaz egindako saioaren arrakasta ikusita, aurten garai bertsuan ekintza bera egitea pentsatu dugu, baita asmatu ere! Aurten ere urtarrilaren 5ean 12:00etatik 13:00ak arte egin dugu ikuskizuna San Migeleko Taberna Nagusian (kultur etxean). Aipatu behar da sekulako arrakasta izan duela berriro ere, eta guztira 33 ume eta 23 guraso inguru gerturatu ziren ekitaldiaz gozatzera.

 

Hasieratik ikusi zen Ibon Magoa ohituta zegoela umeekin aritzera, euren arteko konexioa bikaina izan baitzen. Gainera, umorea eta txantxak baliatu zituen ikusleak erosoago sentitzeko, eta bere eragina izan zuen: harri eta zur uzteaz gain, ederki pasa baitzuten ume eta gurasoek magoaren ateraldiekin! Horrez gain, parte hartzailea izan zen erabat, izan ere, trikimailu bakoitzean umeren bat ateratzen zuen publikoaren aurrera berari laguntzeko, edo bestela, berari aurrez aurre magia egiteko! Eta haurrak, nola ez, pozez txoratzen!

 

 

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu San Migeleko kultur etxeko Hilario arduradunari, hain espazio zoragarria uztearren. Bestalde, Sofia Taramona ikastetxea ere zoriondu nahi dugu ikuskizunaren zabalkundean emandako laguntzagatik, bertaratutako askori handik iritsi baitzitzaien informazioa. Eta nola ez, Ibon Magoari, hain ikuskizun umoretsu, harrigarri eta entretenigarria gauzatzeagatik! Mila esker guztioi!

PRAKTIKATU EUSKARA GUREKIN, ERRAZA DA!