Menu Close

Galdakaoko 9.mintzodromoa

Goiz-pasa ederraz gozatu ahal izan dugu gaur Galdakaoko Kurtzeako frontoian bildu garen 120 lagunok. Bertan, berbalagunez gain, AEK, Udal Euskaltegi, Eguzkibegi Ikastola, Elexalde eta Bengoetxe Institutuetako ikasle eta irakasleak egon dira 20 mahaitan banatuta. Txokolatea banatzen, AEK, Udal Euskaltegia eta euskara saileko kideak.

Arropari eman diezaiokegun bigarren aukerari buruz hitz egiten hasi gara. Jarraian, biharko greba feminista orokorraz aritu gara eta, amaitzeko, legezko drogak, hau da, alkohola eta tabakoa izan ditugu hizpide. Parte hartzaileak oso gustura egon dira, eta hegan joan zaizkie gai bakoitzari esleitutako 20 minutuak.

Mintzodromoak euskara kalera ateratzeko helburua du eta baita euskaldunon komunitatea trinkotzea ere. Izan ere, oso ariketa praktikoa da egunero ikusten dugun herriko jende euskaldun asko identifikatu eta hurrengo egunean harekin euskaraz hitz egin dezakegula jakiteko.

Berbalagunak eta ikasleak dira protagonista nagusiak, baina ezingo genuke horrelako ekitaldi handirik egin laguntzailerik gabe. Aurten, Patakon, Orreaga, Adiskide, Bagabiz eta Berbalagun elkarteetako ordezkariak izan ditugu mahaietan moderatzaile lanetan, eta gure esker ona helarazi nahi diegu beste behin ere guztiei. Eta zer esanik ez Peña Santa Cruzi eta, bereziki, Manolori, berotan sartu gaituen txokolate beroa goizean goiz prestatu izanagatik.

Datorren urtean ikusiko dugu elkar. Bien bitartean, segi euskaraz bizitzen!