Menu Close

Antzerki tailerra Urtxintxaren eskutik

Atzo Urtxintxa Eskolaren bisita izan zuten Galdakaoko Gurasolagunek. Saioa Urreta Ikastetxean egitea pentsatu genuen, bertan dagoen oholtza aukera paregabea zelako, eta, egia esan, primeran pasatu zuten animatu ziren familia guztiek. Gainera, hilabetero parte hartzen duen taldeari pertsona gehiago batu zitzaizkion, eta eskaini genituen bi saioetako plaza kopuruaren mugara heldu ginen; beraz, primeran!

Motorrak berotzen hasteko, Estitxuk ariketa dinamikoa jarri zigun: musikaren erritmora dantzan aritu ginen eta abestia gelditzean, berak esandako egoeran egin ohi diren ekintzak antzeztu behar izan genituen; adibidez, hondartzan geundela, krema eman, eguzkitan egon edota arezko gazteluak egitea. Medikuarenean, mihia atera, fonendoskopioa erabili eta igeltsua jarri zioten baten bati. Behin martxa hartuta, oholtzan debuta egiteko unea heldu zen; talde bitan banatu gintuzten eta  objektu bati beste erabilera bat eman behar izan genion keinuen bidez, behetik begira zeudenek asmatzeko.

Ariketek talde lana eskatzen zuten, eta horixe da horrelako tailerretan bilatzen duguna. Hurrengo ariketan igogailu barruan sartu gintuzten taldeka, eta egoera bitxi bat antzeztu behar izan genuen. Zer egingo zenukete jende lepo dagoen leku txiki eta itxi batean norbaitek puzker bat botako balu? Eta 10 erle bueltaka izango bazenitu? Mozorrotzeko aukera ere izan genuen atzo, baina ez dendan erositako trajea jantzita, baizik eta elementu sinpleekin eta oihal zati batzuekin, egokitutako istorio hasiera bati jarraipena emateko. Ariketa hau izan zen politena, irudimen handia eskatu zigulako.

Lau oihal koloretsurekin superman-en planeta bisitatu genuen, urrutiko gaztelu batera joan ginen eta sute bat itzaltzen aritu ziren gure txiki eta nagusiak. Amaitzeko, dantzan aritu ginen, eta poza, haserrea eta maitasuna bezalako sentimenduak antzeztuta eman genion amaiera saio eder hauei. Eskerrik asko parte hartu zenuten guztioi eta batez ere Estitxuri, bere aginduetara ederto batean pasatu genuen eta.