Menu Close

Galdakaoko Gurasolagunek animalia balantzariak sortzen

Ikasturteko hirugarren tailerra egin dugu gaur: animalia balantzariak. Saiora ezin izan dira aurreko hitzordu bietako pertsona guztiak hurbildu, baina, hala ere, gela osoa bete dute animatu diren zazpi familiek, eta primeran pasatu dugu.

Puxika, kanika eta goma bana eman diegu umeei, eta, gurasoen laguntzarekin, forma eman diote aukeratutako animalien aurpegiei. Ondoren, aldez aurretik inprimatutako animali atalak margotu, ebaki eta puxikari itsatsi dizkiete gure txikiek. Tigreak, igelak, txerriak, untxiak, karramarroak eta oilar dotoreak ikusi ditugu AEK euskaltegian.

Eskulanaren gakoa puxikaren barruan lotutako kanika izan da; izan ere, edozein modutan botata ere, animalia buruz gora erortzen zen beti. Umeei grazia handia egin die buruek egiten zuten aurrera-atzerako mugimenduak, eta ia guztiek eskatu dute bat baino gehiago egitea.

Datorren hilabetean antzerkia landuko dugu Urtxintxa Eskolako begiraleekin. Animatzen bazarete, jarri gurekin harremanetan: galdakoa_berba@aek.eus

Deskantsu ederra hartuko dute gauean gure animaliek! Ondo izan eta hurrengora arte!