Menu Close

“BIZI BARATZA” HITZALDIA JAKOBA ERREKONDOREN ESKUTIK

Urtarrilaren 27an, barikuko 18:00etan genuen hitzordua Basozelaiko Gizarte etxean, eta 20 lagunetik gora elkartu ginen Jakoba Errekondoren hitzaldiaz gozatzeko prest.

Beno, esan behar da hitzaldia baino gehiago interakzio saio dinamikoa izan zela, izan ere, Jakoba ez zen bere “txapa” ematera etorri, baizik eta ikusleen galderak eta zalantzak argitzera. Hortaz, hasierako aurkezpenak egin ostean, bertaratutakoen galderak entzuteko eta argitzeko ordua iritsi zen: tomatearen inguruan, hezetasuna zelan neurtu, usadio onak eta ez hain onak identifikatu…

Bada, denborak aurrera egin zuen, eta ikusleen jakin-mina areagotzen joan zen galderatik galderara, eta askok, nola ez, Jakobaren azalpenak koadernoan apuntatu zituen, gomendio eta trikimailu apartak eman baitzizkigun! Konturatu ginenerako hitzartuta genituen bi orduak igaro ziren, eta azken galdera-txandaren ostean, entzuleek Jakobak ekarritako liburuak erosteko aukera izan zuten, biziki interesgarriak direnak!Azkenik, gure esker ona adierazi eta gero, familia argazkia egin eta saioa bukatutzat eman genuen; hori bai, hitzaldia hasi zenean baino ezagutza handiagoz eta baratzean buru-belarri aritzeko gogo biziz, elikadura egokia gure ongizate eta osasunaren ardatza baita! Mila esker hurbildu zineten guztioi, baita Jakoba Errekondori ere, gure zalantza guztiak argitu eta gomendio erabilgarriak ematearren!

PRAKTIKATU ETA BIZI!