Menu Close

Martxan da Galdakaoko Gurasolagun taldea

 

Martxan da ikasturte honetako Gurasolagun taldea. Joan den ostiralean egin genuen lehen ikastaroa, eta ederto batean pasatu zuten bertara joandako ume zein gurasoek. Saiora zortzi familia joan ziren, baina datozen tailerretan gehiago egongo dira, izena emandako hainbat ezin izan baitziren azken momentuan joan.

 

Hilabete honetako eskulana kartulinaz egindako koloredun txartela zen, hainbat animaliaren hiru dimentsiotako ahoa zabaldu eta itxi egiten zuena. Talde-lana euskaraz sustatzea da proiektu honek duen helburu nagusiena, eta familiek lehen momentutik banatu zuten egin beharrekoa: gurasoek alderdirik zailena eta umeek gainontzekoa.

Lana erraztearren, margotzeko plantillak eman zitzaizkien umeei, baina irudi propioak egin zuen umerik ere egon zen. Donald ahatea eta mingain zorrotza zuen igela izan ziren marrazkirik aukeratuenak, baina txitak, marrazkoak, txoriak eta beste animalia batzuek osatu zuten gure zoologiko bitxia.

Tailerra umeentzako musikaz girotua egon zen, eta labur egin zitzaigun elkarrekin egindako ordu eta erdia, nahiz eta familia guztien lehen eguna izanda, aurretik elkar ezagutu ez. Otsailean, urteko bigarren hitzorduan, jarraituko dugu elkarren arteko harremanak sakontzen, irudimena lantzen eta, batez ere, euskaraz ondo pasatzen. Laster arte!