Menu Close

Yoga ikastaroaren kronika

Gogotsu ekin diogu 2021-22 ikasturteari: dagoeneko 14 talde ditugu martxan Galdakaon, eta bigarren ekintza antolatu dugu ostiral honetan. Yoga ikastaroa eskaini dugu herrian, euskara eta kirola aldi berean sustatu ahal direla erakutsi nahian. Saioak 10 laguneko kopuru maximoa zeukan, eta topera egon zen; beraz, argi dago harrera bikaina izan zuela berbalagun eta gainerako jendearen artean.

Saioa hasi aurretik, irakasleak yogari buruz hitz egin zien parte hartzaileei, batzuek ordura arte ez zutelako inolako harremanik izan diziplina espiritual honekin. Behin oinarrizko azalpena emanda, arnasketa yogikoarekin hasi ziren, burua erlaxatzea ezinbestekoa baita jarduera honetan. Yogan meditazioak garrantzi handia du, baina gorputzaren elastikotasunak eta orekak ere pisu handia dute, eta hori landu baino lehen, gorputzaren beroketa egin behar da atalez atal.  Saiora animatu ziren pertsonen adin tartea eta esfortzu fisikorako gaitasuna ezberdina zirela ikusita, Josune irakasleak zorroztasuna egokitu zuen bakoitzaren ahalmenaren arabera, baina denek bota zuten izerdia gogotik. Eguzkiaren agurra eta hainbat asanekin ikasi zuten giharrak indartzen eta gorputza eta buruaren arteko oreka sendotzen. Amaitzeko, gorputzari astindu ederra eman eta gero, hain beharrezkoa den erlaxazioarekin esan zioten agur ordu eta erdi iraun zuen saio emankorra.

Berbalagunak poz-pozik eta guztiz erlaxatuta atera ziren ostiraleko tailerretik, eta batek baino gehiagok taldeari jarraitasuna emateko asmoa adieraz zuten. Beraz, zeuri ere yoga interesatzen bazaizu eta, bide batez, euskara giro jatorrean praktikatu nahi baduzu, bidali e-posta galdakao_berba@aek.eus helbidera, eta harremanetan jarriko gara zurekin. Eskerrik asko egindako lan ederragatik, Josune!