Maiatzaren 14an, AEK euskaltegian 20 lagun elkartu ginen “Izaroren garrantzia hegaztien migrazioan” hitzaldia entzuteko. Luis Betanzos Lejarraga izan genuen hizlari, hark lau urtez Urdaibaiko uhartean hegaztien hegoalderako migrazioa aztertu baitzuen, hasieran bere kaxa, gerora, Aranzadi elkarteak lagunduta.
Betanzosek, ornitologoa izan ez arren, betidanik izan du txoriekiko jakin-mina; bada, entzule guztioi hori transmititu zigun lehenengo unetik. Hitzaldiaren hasieran, proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkigun, hala nola, prestaketa, diru-bilketa, beharrezko laguntzaileak aurkitzea edo lortu beharreko baimenak; ondoren, uhartean aurkitutako egoera: fauna eta flora ez ezik, bildutako zabor eta plastiko kantitatea ere nabarmendu zuen. Azkenik, lau urte horietan zehar jasotako datu esanguratsuenak partekatu zituen, baita txoriak “markatzeko” egiten den eraztunketaren prozesua azaldu ere.
Ikusitakoa nahikoa ez eta, opariak ere zozketatu zituen: alde batetik, Urdaibaiko hegaztien posterra; bestetik, Euskadiko hegaztien eraztunketa-datuen liburua.
Eskerrik asko, Luis, egindako lanagatik eta zure prestasunagatik.


