Menu Close

Gorputza ezagutzeko eta lasaitzeko beharra

Martxoaren 6an, Gernika-Lumoko kultur etxean antolatu genuen Gentza Madariagak gidatutako Yoga saioa. Hasiera Zentruko kideak, jarduera honen nondik norakoak eman zizkigun, baita ezagutu beharreko oinarrizko jakintza batzuk ere.

Ikastaroaren lehen zatian, solasaldi oso entretenigarria egin zuen bertaratutakoekin, haien esperientzia, jakintza nahiz zalantzak biltzeko. Horrek giro oso atsegina eta lagunartekoa lortu zuen, pixkanaka lotsa kentzeko. Ondoren, Yoga mota ezberdinak aipatzeaz gain, hauen ezaugarri nagusiak ere azpimarratu zizkigun; izan ere, askotan, norbanakoaren helburuaren arabera, teknika bat edo beste bat erabil dezakagu. Azkenik, alderdi praktikoari heldu genion; horretarako, esterak lurrean jarri, arnasketa kontrolatu, eta jarrera ezberdinak eginda, gure gorputzeko hainbat txoko aurkitu genituen.

Balorazio oso positiboa egin zuten bertaratutakoak, oso gustora egon baitziren hartu-emanean Gentzarekin nahiz gainontzekoekin. Gainera, batzuentzat Yogako hastapen-saioa izan zen, eta etorkizunean probatzeko irrikaz geratu ziren.