Menu Close

Sakatu ala tiretu?

Martxoaren 13an, Astran kultur gunean “Erein eta erain” ekitaldia antolatu zuten Seberbaz taldeko gurasoek. Seber Altube Ikastolako guraso-elkarte honen helburua, euskararen erabilera indartzea eta bultzatzea da, bai hezkuntza-zentroan, bai kalean ere. Hori dela eta, zenbait ekintza antolatu zituzten iluntze horretan.

Hasieran, egun euskarak bizi duen egoera aztertzeko mahai-ingurua antolatu zuten “sakatu ala tiretu?” izenburupean, eta bertan Gernika-Lumoko Berbalaguneko Ibai Urrutiak parte hartu zuen; horrez gain, euskararekin erlazionatuta dauden beste hainbat eragileren hitzak ere entzun genituen, hala nola, Busturialdeko Hitzako Aintzinarenak, Mobiduko Perurenak, Lilibertso bertso-eskolako Mikelenak edo Seber Altubeko Leire gurasoarenak. Moderatzaile lanetan Zihara Enbeita aritu zen. Ostean, giroa alaitzeko eta umorea emateko, Asier Galarzak eta Jokin Ansotegik bakarrizketa bikainak eskaini zizkiguneten, bertaratutako denon gozamenerako.

Hizlarien artean aipatu modura, “arnasguneetan geroz eta oxigeno gutxiagoa” egon arren, oraindik egoerari buelta emateko aukera badago, eta horretan lanean jarraitu behar dugu. Beraz, 24.KORRIKAko lemak dioen lez, “Euskara gara”, baina etorkizunean ere euskara izan gaitezen.