Euskararen Nazioarteko egunean, ohiko bilakatu da “11 orduko irakurraldia” Gernika-Lumon. Jada, hamabostgarren edizioa da aurtengoa, eta makina bat idazle zein liburu izan ditugu ekitaldian. Urtero, talde, erankunde, elkarte zein herritar mordoa elkartzen dituen ekimena da irakurraldiarena, eta guztiek dute xede bera: euskararen aldeko konpromisoa.
Abenduaren 3an, Unai Elorriagaren “SPrako tranbia” obra ezaguna irakurriko dugu, etenik gabe, goizeko 9:00etatik iluntzeko 20:00etara arte. Goizetik eguerdira arte, herriko hezkuntza-zentroen txanda izango da; ondoren, eskualdeko hedabideena; azkenik, Gernika-Lumoko kirol-, kultura-talde, erakunde nahiz norbanakoena. Gainera, idazlea bera ere bertaratuko da egun seinalatu horretan. Eguna aho-zapore gozoz biribiltzeko, ohiko “kopaua” ere izango dugu, pintxo, zizka-mizka eta edariekin.
Zuk zeuk ere parte hartu nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan (600482010 telefonora idatzi) eta ordutegia adosten saiatuko gara.

