Menu Close

Balmasedako Mintzodromoaren kronika

Pasa den ostegunean, Balmasedako pilotalekuan, Mintzodromoa burutu genuen. Topaketa atsegina izan zen eta giro erosoa sortu genuen: 40 pertsona inguru bertaratu ziren eta parte hartu zuten.
Mintzodromo horretan, egungo gizartean gaurkotasun handia duten hiru gairi buruz eztabaidatu genuen: hasteko, lehenengo gaian (“telebistako reality show-ak”), reality-en fenomenoaz aritu ginen, Euskal Herrian duten arrakasta aztertuz, baita haien arriskuak eta ondorio negatiboak ere; jarraitzeko, bigarren gaian (“Azterketak gora, azterketak behera”), iraganeko eta egungo hezkuntza-ereduei buruz eztabaidatu genuen: gaur egun lehen beste azterketa daude? Azterketek ikasleen bizitza eta etorkizuna gehiegi baldintzatzen dituzte? Horrelakoak eraginkorrak dira ala, egun, ikasleak ebaluatzeko beste zenbait tresna ditugunez, ez da beharrezkoa hainbeste azterketa egitea? Azkenik, hirugarren gaian (“Euskara eta euskaraldia”) Enkarterriko egoera soziolinguistikoaz eta euskararen erabileraz aritu ginen: zergatik gure eskualdean, euskaldun ugari egon arren, oso euskara gutxi entzuten da kalean? Nola aldatu gure ohiturak, gure bizitzako gero eta espazio gehiagotan euskararen erabilera bermatzeko? Gai hura bukatzeko, Euskaraldian parte hartzeko konpromisoa hartu genuen.
Eztabaidaz eta analisiz beteriko egun aberatsa izan zen, duda barik. Hala ere, are garrantzitsuagoa, euskaraz hitz egiteko espazio seguru eta askea izan zen, baita modu eroso eta dibertigarrian elkarrengandik ikasteko ere.
Eskerrik asko hurbildu zineten guztioi! Euskara zuek zarete!